Espainiako Poliziak gutxienez bi pertsona atxilotu ditu Oionen bizi zen gazte baten heriotzaren inguruko ikerketaren harira. Ostiralean hil zen 34 urteko gizonezkoa. Ostegunean topatu zuten Errioxan (Espainia) Ebroko erriberako parkean, konorterik gabe, eta indarkeria zantzuekin.
Logroñoko (Espainia) udaltzainek topatu zuten gizonezkoa, eta erietxera eraman zuten. Edonola ere, hurrengo egunean hil zen. Ikertzaileen arabera, hildakoa Oionen bizi zen, eta marokoarra zen jatorriz.
Hainbat hedabideren arabera, dagoeneko sei gazte atxilotu dituzte, 14 eta 25 urte artekoak. Zabaldu dutenaren arabera, hildakoak Isam Haddour zuen izena, eta bizikletaz jana banatzen egiten zuen lan. Oiondik egunero joaten omen zen Logroñora, lanera. Bost kilometro daude bi hirien artean. Logroñoko prentsak gaineratu dutenez, ostegunean ez zen etxera itzuli, Ebroko parkean gazte talde batek egunean irabazitakoa eta bizikleta lapurtzeko jipoitu zutelako.
Parkean utzi zuten gero, konorterik gabe. Zaurien eta hotzaren eraginez hil zen. Izan ere, hipotermia zantzuak zituen ospitaleratu zutenean. Poliziaren iturriek nabarmendu dutenez, gizonezkoa salbatzeko aukera egongo zen, erasotzaileek larrialdi zerbitzuei abisua emanez gero.
Ezaguna zen biktima Oionen. Eraikuntzan eta nekazaritzan egin zuen lan, eta haren hainbat senide ere Arabako Errioxako herrian bizi dira.
Oiongo Garai kafetegiak mezu bat plazaratu du sare sozialetan, biktima oroitzeko. «Heziketa onekoa, jatorra eta alaia zen, eta askok maite zuten gure herrian. Oraindik sinetsi ezinik gaude. Espero dezagun laster argitzea gertatutakoa».