Ordeka bukaezin aspergarriak, nekazaritza lur hori eta idorrak, errepidea urtzear, eta zerutik zuzen-zuzenean, sua, bere eremupean harrapatzen zuen guztia kiskaliz. Espainiako eskualde beroenetakoa zeharkatu zuen atzo Vueltak, eta txirrindulariek salda jasan behar izan zuten, ikaratzeko modukoa: 40 gradutik gora etapako bigarren erdian, azken 100 kilometroetan. Noiz eta Vueltako etapa luzeenean, 219 kilometroko saioan.
Tropelak iparraldera, mendialdera egiteko gogoa edukiko du dagoeneko, tankerako tenperaturekin bizikleta gainean sei orduz ibiltzea ez delako sanoa. Ezta profesionalentzat ere. Extremadurako bigarren etapa korrituko da gaur, denetan laburrena, baina antzeko giroa iragarri dute meteorologia adituek.
Haizerik batere ez, zeruko sua arintzeko, etapa bukaeran salbu. Francisco Ventosok eman dio haize fresko apur bat Vueltari. Gaztea delako oso (24 urte), eta urte pare bat daramatzalako dagoeneko tropeleko elitean, txirrindulari azkarrenen multzoan lekutxoa lortzeko. Ekainean Euskal Bizikletako laugarren etapako lehen sektorea irabazi zuen, eta ohorezko postu on asko ditu Pro-Tour Ligako probetan. Postu on horiek, ordeak, haizeak eramaten ditu denborarekin. Garaipenak, ordea, ez.
Ventosok bere kirol ibilbide laburreko garaipen distiratsuena lortu du Almendralejon (Espainia). Bukaera gaiztoa baliatu zuen hori egiteko, Hushovd, McEwen, Petacchi eta beste esprinterrei buruz buruko demarik botatzeko ahalmenik ez duelako oraindik. Azken kilometroan zeuden bi bihurgune gaiztoei eta helmugako goranzko joera txikiari zukua atera zien Saunier Duval taldekoak.
Txaloak merezi ditu Matxinen taldeak. David de la Fuente sartu zuten eguneko ihesaldian, eta azken kilometroan David Millar saiatu zen ihesean. Lehen bi ahaleginek kale egin zuten. Hirugarrenak ez. Hirugarrena, Ventosorena, balekoa izan zen.
saILKapenaK2.ETAPA
1. F. J. Ventoso (Saunier Duval) 5.43.45
2. Thor Hushovd (Credit Agricole) d. b.
3. Stuart O'Grady (CSC) d. b.
4. Erik Zabel (Milram) d. b.
5. Robbie McEwen (Lotto) d. b.
6. Danilo Napolitano (Lampre) d. b.
7. Luca Paolini (Liquigas) d. b.
8. Pedro Horrillo (Rabobank) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Thor Hushovd (Credit Agricole) 10.10.33
2. Stuart O'Grady (CSC) 11ra
3. F. J. Ventoso (Saunier Duval) 12ra
4. Paolo Bettini (Quick Step) 14ra
5. Kurt-Asle Arvesen (CSC) 19ra
6. Nicki Sorensen (CSC) d. b.
7. Lars Ytting Bak (CSC) d. b.
7. Marcus Ljungqvist (CSC) d. b.
16. Xabier Zandio (CSC) 26ra
Haize fresko apur bat, mesedez! Ventoso espainiarrak esprintean irabazi du Vueltako etapa, itzuliko luzeena eta aspaldiko beroena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu