Haize ufada handiek kalteak eragin dituzte Euskal Herrian

Auto istripuak izan dira, zuhaitzak erori dira eta hiri altzariak mugitu dira haizeteengatik. Arratsaldean 7 metro arteko olatuak espero dituzte kostaldean.

Beste haizete baten ondorioa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko azaroaren 2a
12:22
Entzun

Alerta egoeran da Euskal Herria, haize ufada handiengatik eta olatu zakarrengatik. Orduko 100 kilometro baino gehiagokoa izan da haizearen abiadura, eta kalteak eragin dituzte hainbat tokitan: adarrak haustea, zuhaitzak erortzea eta hiri altzariak mugitzea eragin dute. Hainbat auto istripu ere eragin dituzte haizeteek, biktimarik eragin gabe. Gaur ere alerta horia ezarria dago haizeteagatik, eta laranja kostaldean, olatu handiengatik. Bihar ere itsasoa harrotzeko arriskua dago.

Ertzaintzak nabarmendu du haizeteek eragindako kalteak konpontzeko ia 400 esku hartze egin behar izan dituztela bart Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehienak Bizkaian izan dira, eta hiru trafiko istripu izan dira, zauriturik gabe. Loiuko (Bizkaia) aireportuari ere eragin dio denboraleak: hamabost hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten atzo. Gainera, Loiun lur hartzekoak ziren zenbait hegazkinek beste aireportu batzuetara joan behar izan zuten.

Ipar Euskal Herrian, 2.300 etxetan baino gehiagotan argirik gabe geratu dira goizaldean, haizeak elektrizitate kable asko hautsi dituelako. Arratsalderako alerta laranja ezarri dute Lapurdiko kostaldean ere. Hondartza gehienetara sartzea debekatu dute —7 metro arteko olatuak espero dira arratsaldean—, eta ohartarazi dute gainezka egin dezaketela barnealdeko zenbait ibaik.

Nafarroako ipar-ekialdean abisu horia ezarriko dute 18:00ak arte, euriagatik, aurreikusi baitute hamabi orduan 40 mililitro pilatuko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.