Haize ufadek iraulitako ontziko hiru lagun falta dira Zierbenan

Bost lagun atera ziren berdeletara, asteazkenean; bi lagun erreskatatu dituzte; bat, 11 urteko umea. Besteak falta diraIstripua gertatu zenean, olatu handiak zebiltzan, eta orduko 80 kilometroko haizea

Zierbenako alkate Marcelino Elorza, atzo, portuan, kazetariei jazoerari buruzko azalpenak ematen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Zierbena
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Herenegun Zierbenan (Bizkaia) Zirri ontzian berdeletara irten ostean desagertutako hiru lagunen aztarnarik ez zen atzo iluntzean. Lekukoen arabera, ostegunean 17:30 aldera atera ziren itsasora, beste bi lagunekin. Tartean, 11 urteko ume bat zen. Bidaia ankerra izan zuten. «Ontzia zuntz plastikozkoa zen; orduko 80 kilometroko haizea zebilen itsasoan, eta irauli egin zitzaien», azaldu zuen atzo Marcelino Elorza Zierbenako alkateak. 22:00etan, etxeratu ez zirela eta, senide batek eman zuen desagertzearen berri. Gurutze Gorria, Ertzaintza eta Guardia Zibila galdutako pertsonen bila hasi ziren berehala, hegazkin, helikoptero eta zazpi ontzi berezirekin. 11 urteko mutila —desagertuta daudenetako baten semea da—, eta 52 urteko gizonezkoa goizean aurkitu zituzten, onik. Gau osoa eman zuten itsasoan.

Agertzeko falta direnen artean,bi lagun Bilbokoak dira —49 eta 51 urtekoak — eta bestea Erandiokoa —66 urtekoa—.Zierbenatik hamarren bat milia iparraldera, Castro inguruan (Kantabria) topatu zuten itsasontzia atzo, 07:30ean. Agertu diren bi lagunak hantxe aurkitu zituzten. Onik atera den gizonezkoaren testigantzak argitu die zer gertatu zitzaien:20:00etan irauli egin zitzaien ontzia. «Txalupatik ari ginen arrantzan, amuan bazka jarriz», esplikatu zuen. Itsasontzia irauli ondoren haizeak eta korronteak Zierbenatik urrundu zituen, larrialdi zerbitzuetakoei adierazi zienez.

Gaizka Etxabe Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuen zuzendariak adierazi duenez, buelta emanda zegoen ontziaren gainean igota zeudelako ikusi zituzten erreskatatzea lortu duten umea eta gizon heldua. «Biak hipotermia zantzuekin ingresatu dituzte Gurutzetako erietxean». Izan ere, 11 ordutik gora igaro zituzten ura hamar graduko tenperaturan zegoen eremuan. Nolanahi ere. aurreratu dutenez, biek laster jasoko dute senda agiria.

Iraulitako ontzia 6,7 metroko luze da. Inguruko arrantzaleek zehaztu dutenez, kabinarik gabea. Txipiroietarakoa esaten dioten ontzi horietakoa dela azaldu dute. Aisialdian erabiltzen zuten arrantzale horiek.

Eguraldia, bila aritzeko oztopo

«Ura garbi dago, haizea eta korrontea dira bilatzea oztopatzen dutenak», nabarmendu zuen alkateak. Larrialdi zerbitzuen arabera, haize ufadek lau segundoro 1,4 metroko olatuak altxatu zituzten herenegun; oso zakar ibili zen itsasoa. Haatik, gero eta urriagoak dira falta diren hiru lagunak onik etxeratzeko aukerak.

Zierbenako alkatearen iduriko,itsasoratutakoek bueltaxka bat ematea zuten helburu: «Abra itsasadarretik buelta txiki bat ematera zihoazela pentsatzen dut. Berdelak Zierbenatik 100 metrora ere harrapa daitezke. Litekeena da konfiantza eta arrantzatzeko ilusio gehiegi izategatik errealitatetik aldendu izana».

«Herenegun hemen egon ziren lau garagardo eta umearentzako freskagarri bat erosten, irratian albistea entzun dudanean haiek izango zirela imajinatu dut», zioen atzo Pilar Carpintero tabernariak, gertatutakoa ezin sinetsita. Adierazi zuenez, ez zen arrantzarako asmotan ikusi zituen aurreneko aldia: «Igandean, aita-semeak hemen izan ziren. Gizon batek itsasoa ez zegoela ateratzeko moduan esan zien; baina urrun joateko asmorik ez zutela, eta aurrera egin zuten».

Elortzaren iritziz, itsasoak engainatu egiten du sarri: «Itsasertzean haizerik ez dagoela pentsatu arren, urrunduz gero haizea areagotzen da». Hori dela eta, arrantzaleek ez zutela zuzen jokatu pentsatzen du: «Haizea indartsu zebilen eta portua geratzea izango zen onena».

Itsasoaren arriskua

Zierbenako alkatea kezkatuta eta triste mintzo zen atzo hedabideen aurrean. «Zer egin dezakegu honelako gauzak saihesteko? Itsasora atera edo ez erabakitzeko ondo pentsatu beharra dago, urtero gertatzen delako horrelako istorioren bat». Hain justu, duela zenbait urte, antzeko zerbait gertatu zen herrian: «Zierbenako arrantzale bat baldintza bertsuetan desagertu zen, eta ez da sekula berriz agertu».

Santi Lazkano arrantzale ohia Zierbenako portuan zebilen atzo, ikusmiran, kezkatuta. Argi du: itsasoa beti da arrisku. 1948tik 1971ra askotan utzi zuen lehorra itsasoratzeko. Esperientziaz, istripuak maiz gertatzen direla dio: «Santurtzitik Algortara joan ginen behin, eta bi mutiko gazteri txalupa nola irauli zitzaien ikusi genuen. Lepotik heldu eta gure ontzira igo genituen; ontzia arteztu, eta portura eraman». Lazkanoren aburuz, portuetatik itsasora ateratzeko araudiek zorrotzagoak izan beharko lukete: «Gaur egun kaietan lotuta dauden txalupetako askok hondartzara hurbiltzeko bai, baina ez dute itsasoan ibiltzeko balio».

Tentuz jokatu behar dela dio, zoriari utzi gabe. Haatik, ondorioztatu du jendeak ez duela dakien ala ez begiratzen. «Itsasoratzeko titulua izateak ez du balio, dakizuna itsasoan demostratu ezean». Istripuaren harira, itsasoak bizia eman eta kendu egiten duela aurrez ondo ikasia duela dio. «Nire aitona-amonak portutik gertu bizi ziren. Egun batean, etxean zituen oiloen zarata artean laguntza oihuak entzun zituen amonak. Senarra eta semea ziren; itsasoak ito zituen».

Alkatearen hitzetan, falta diren kideak aurkitu arte lanean arituko dira erreskate taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.