Astelehenarekin hasi zuten askok astelenita Tolosan (Gipuzkoa). Ostegun gizena, ostiral mehea, zaldunita bezpera, zaldunita... Inauterietako bosgarren eguna zuten tolosarrek, eta eguraldiak ez zuen lagundu, gainera: haize finak jo zuen, eta euria gogor ari zuen. Baina gustuko tokian aldaparik ez da, eta giro kaskarrak ez zuen zapuztu festa. Goizean goiz abiatu ziren txarangak plazetan eta kaleetan barrena, eta haiei laguntzeko asmoz, makina bat herritar zegoen, maskara jarrita eta orga ondoan hartuta. Hori bai: aterkia eta plastikozko berokiak edozein mozorroren osagarri onenak bihurtu ziren.
Ferrari auto gidariak, Bob Belakia telesailetik ateratako pertsonaiak, munstroak, Moulin Rouge-ko dantzariak, koloretako olagarroak... amets bateko agertokia zirudien herriak, baina ez; irudimenak hartutako gunea baino ez zen. Eta mozorro imajinaezinekin parez pare, ohikoak ere ibili ziren hara eta hona, klasikoak: indiarrak, medikuak, zerbitzariak...
Klasikoei eutsi zien orga horietako bat izan zen 70's disko. 1970eko hamarkadako techno musika zekarren gogora. «Txikitako klasekideak elkartu gara, eta gure garaia oroitarazten duen karroza bat egin dugu». Harro zegoen Antxon Otegi, afro ileordea jantzita eta zilar koloreko galtza estuetan sartuta. Eraikitako karrozarekin ezin hobeki ematen zuen haren itxurak, diskoteka modukoa baitzen. Bola argitsuekin zegoen dekoratuta, eta barrarik ere ez zuten falta. Gabonen ostean hasi zen lagun kuadrilla tramankulua muntatzen. «Haurrek ere parte hartuko dute koreografia denok batera egiteko». Hala, musikaren laguntzaz, pauso bat bestearen atzetik kateatu zuten, ikusleen begirada harrituaren pean.
Haiengandik gertu zeuden beste batzuek, ordea, ume gutxi hartu zituzten organ: Tirolesa-ko kideak ziren. Tiroldar garagardotegia prestatu zuen kuadrilla batek, handik propio ekarritako instrumentuak eta guzti. Joxan Azkue zen plataforma gainean ibili zirenetako bat, baina lagunei aitortu zien estrukturaren meritua: «Batzuk erretiroa hartuta daude, eta jo eta ke ibili dira hau muntatzeko! Beste batzuek lagundu baino ez dugu egin». Jada lana utzita dauden horietako bat da Juan Ignacio Pastor; hura gogotik aritu izan da, eta harro oroitzen zuen atzo: «Ni ez naiz tolosarra; umea nintzela etorri nintzen, baina asko gozatzen dut. Izerdi patsetan egon naiz taberna hau muntatzen, baina merezi izan du». Aterpe ona zuten bi lagunek, sabaia jarri zioten-eta garagardotegiari. Ondorioz, zirimiriak eguneko asmoa pixka bat lanbrotu bazuen ere, segitu zuten orgaren gainean. Desfile orduan, kontzertua eskaini zuten.
Haurrak, mela-mela
Ez ziren, haatik, musika odolean zuten bakarrak. Haurren eguna izan ohi da astelenita, eta, horregatik, haiek ziren nagusi San Frantzisko pasealekuan. Bertan zeuden eskoletako orgak, bai eta aisialdi taldekoenak ere. «Pena da euria egitea: umeen eguna da gaur, eta horrela ezin dute asko gozatu». Hirukide ikastetxeko Kirikiño aisialdi taldeko kide Iban Asenjo penaturik zegoen; zioenez, «handicap bat» da hitzordua haurrentzat, eta txipatuta «ez da gauza bera». Ildo berari eutsi zion Irene Estanga kideak. Hark ere umeek gozatzea nahi zuen; kexu zen giroak ez zuelako laguntzen. «Gu atzo atera ginen; helduok egin dugu parranda, baina gaur zen haurren txanda. Ea atertzen duen...». Tristurari toki handirik utzi gabe, zerura begira zeuden, itxaropentsu. «Urrian hasi ginen mozorroari bueltak ematen, eta, azkenean, guk geuk sortutako tribuz jantzi gara! Beltza, horia eta laranja margotu zuten beren orga, eta azkenean lortu zuten dantza egitea. Eskuak gora eta behera aritu ziren, bueltak eman bitartean.
Atsedena aisialdi taldekoek ere denbora dezente igaro zuten prestakuntzan: «Irailean hasi ginen», esan zuen Ane Izagirrek. Txanponaren beste aldea ikusi nahi zuen, eguraldi txarra egin arren; baikor zegoen egunarekin. Ume lapurtuak, pertsonaia magikoak... denetarik zuten Peter Panen plataforma gainean. Ildo horretatik, datorren igandera arte, egongo da zer gozatu Tolosako plazetan.