Haizearen norabidea

Abagune politikoak ispiluaren aurrean jarri ditu indar abertzaleak. Hauteskundeetan batera aurkezteko aukerak eztabaida eta gogoeta interesgarria piztu du.

Pello Urizar, Patxi Zabaleta, Rufi Etxeberria eta Joseba Egibar, iazko urrian, Esan ahala saioan egindako mahai inguruan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Datozen hauteskundeetan aliantza politiko berri bat osatzeko proposamenak eztabaida eta gogoeta piztu du eremu abertzalean. Proposamenaren egileak —ezker abertzalea, EA eta Alternatiba— eta hartzaileak —EAJ eta Aralar— ez dira oraindik bildu proposamena aztertzeko, baina gaiak zeresanik eman du aste honetan. EAJ lehen unetik desmarkatzen saiatu da, baina biltzeari uko egin gabe. Aralar, berriz, irekiago agertu da, eta haren planteamenduekin uztartzeko aukera balioetsi du. Aliantza berriaren aukerak ispiluaren aurrean jarri du abertzaletasuna, nora eta nola joan nahi duen gogoeta egitera behartuta. Etorkizunari buruzko gogoeta hori ez du, berez, aliantzaren proposamenak piztu. Hori gabe ere, abertzaletasunak ispilu aurrean jarri beharra izango zuen. Gogoetaren eragile nagusia abagune politikoa da. Bi ardatz nagusik osatutako abagunea: indarkeriaren amaierako aukera berria eta estatu ereduaren krisia (sustrai politikoak eta ekonomikoak dituena).

Egoera aldakor horrek behartzen ditu eragile guztiak etorkizunari begiratua eta aukera, formula eta pauso berriak aztertzera.

Iñigo Urkullu, Pedro Aspiazu, Andoni Ortuzar eta Joseba Egibarrek hitz egin dute aste honetan proposamenaren inguruan. Urkulluk formularen egokitasuna jarri zuen zalantzan lehen momentutik. Moncloako itunen eredua ekarri zuen, aldi berean, EAJ beste parametro batzuetan zegoela argi utzita. Aspiazuk ezezkotzat hartu zituen Urkulluren hitzak, eta beste alderdiekiko diferentziak. Ortuzarrek arreta desbideratzeko mugimendutzat hartu zuen eskaintza. Egibar ezezkoa arrazoitzen saiatu da.

Zapaterok hauteskundeak aurreratu zirela jakinarazi ondoren, eskaintzaren aurretik egindako adierazpenak eta ondorengo lehen erreakzioak ikusita, esan liteke EAJk ez zuela espero aliantza zabal bat osatzeko proposamena. Udal eta foru hauteskundeetan lortutako arrakasta baliatuz, Espainiako hauteskundeetan Bildu berriro aurkeztea espero zuen. Bildu izango zen lehiakide zuzena, eta, horregatik, hauteskundeen eguna jakin bezain laster, EAJko buruzagiek areagotu egin zituzten Bildurekiko kritikak.

Baina, azkenean, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak egin duten proposamenean Bildu alde batera utzi dute, subjektu berri bat proposatu dute, aliantza edo koalizio zabalago baten bidez.

EAJren eragozpenak

EAJko burukideek gehienbat proposamenaren zintzotasuna jarri dute auzitan. Jukutria gisa hartu dute. Proposamena egin dutenen hutsuneak eta «lotsak» estaltzeko kea iritzi dio Andoni Ortuzarrek. EAJri botoak kentzeko mugimendu bat, Joseba Egibarrek. Hala ere, beharrezkoa ikusi dute aukeraren bideragarritasunaren eta logikaren eztabaidan sartzea. Halaxe egin du Joseba Egibarrek, ostegunean kaleratu zuen prentsa oharrean. Eskaintza baztertzeko pisuzko argudioak azaltzen ahalegindu da. «Hauteskundeetarako aliantzaren proposamena ez da errealista, ez datozelako bat batzuen eta besteen lehentasunekin», argudiatu du. Egibarren tesiaren arabera, ez da aldaketa nahikorik gertatu horrelako «erabaki estrategikoa» justifikatzeko. EAJ eta ezker abertzalearen arteko diferentzia historikoak nabarmendu ditu proposamenaren errealismoa edo egokitasuna auzitan jartzeko. Egibarrek argudiatu du alde bakoitzaren kultura politikoek ez luketela naturaltasunez ikusiko horrelako erabakia, urte askotan «estrategia antagonikoak» izan daitezkeenak garatu eta finkatu dituztelako. Halaber, zalantzan jarri du ezker abertzalearen jokabidea Espainiako instituzioekin. Zergatik da orain momentua Euskal Herriaren eskubide nazionalak defendatzeko eta ez lehenago?, galdetu du ekimenaren helburua zalantzan jartzeko.

Arrazoibide horri beste bi erantsi dizkio Egibarrek. Batetik, ETAren faktorea (armak behin betiko uzteko erabakiaren falta),eta, bestetik, lehentasun kontu bat. Hau da, nazio aldarrikapenen aurretik une honetan benetan garrantzitsua eta lehentasunezkoa beste zerbait dela: behin betiko bakea sendotzea, giza duintasunari eta giza eskubide guztiei heltzea, konfiantza berreskuratzea, Sorturen legalizazioa, ETA behin betiko gelditzea eta «zehaztea gatazka politikoaren konponbiderako proposamen demokratiko positiboak».

Egibarren argudioak sendoak dira, zalantzarik gabe, eta erakusten dute EAJ ez dela sartuko aliantza berri horretan. Hala ere, analisi horretan kontuan hartzen ez diren beste aldagai batzuk aztertzea interesgarria izan liteke. Batetik, erabakitzeko eskubidearen edota independentziaren aldeko prozesuen bizkortzea eta Espainiaren estatu ereduren krisia. Erabakitzeko eskubidearen alde haizea dabil izenburuko artikuluan ongi azaltzen zuen auzia Juan Jose Ibarretxe lehendakariak joan den apirilean, Jaume Lopez irakaslearen ikerketa eta Puerto Ricoko kasua ardatz harturik. Halaber, zenbait ikerlariren ustez, krisi ekonomikoak ere behartuko du ohiko estatuen antolaketa egokitzera, eta erraztuko du estatalitate forma berriak sortzen. Inguru horretan aztertu behar da Espainiako instituzioetan eraman beharreko estrategia. Ea Moncloako itunen antzekorik garatzeko unea den, edo beste aukera batzuk planteatu behar diren Espainiako Kongresuan. Ea EAErako estatus berri baterako proposamen batekin EAJ bere kabuz Madrilera joateko unea den (erreferente abertzale bakarra ez dela izango jakinda), edo bestelako proposamen zabal eta bateratu bat aurkezteko.

ETAren faktorea

ETAren faktoreari dagokionez, Egibarrek argudiatu du ezker abertzalearen aldebakarreko estrategiak ibilbide propioa eskatzen duela. «Hau da, borroka armatua behin betiko uztea erabaki dezan, arrazoi gehiago emateko asmoa duten hauteskunde aurretiko aliantzen menpe egon gabe». Baina, ETAren erabakia parametro horietan kokatzea ez da oso sinesgarria. Horrelako erabakia ez dago lotuta hauteskunde aliantza jakin baten aukerari, ez etaEspainian nork gobernatzen duen aldagaiari lotuta .

Gertaerak etengabeko bilakaeran daudela kontuan hartu behar da. Borroka armatuaren amaierari dagokionez, norabidea argi jarrita dago, eta prozesua ez dago geldirik, denbora geldirik ez dagoen bezala. Azaleratu edo ez, prozesu hori sakontze bidean dago. Perspektiba horretatik, espero daitekeena da azaroaren 20ko hauteskundeak baino lehenago sakontze horren pauso berriak agerian izango direla, hauteskunde aliantza berria gauzatu edo ez. Hauteskunde aliantzatik kanpo gelditzen denak kontuan hartu beharreko faktorea da.

Pauso horien forma nolakoa izango den beste eztabaida mota bat da. Zentzurik ez du, ordea, adierazpen baten inguruan fetitxismoa egitea, faktore guztiek garai berria sendotutzat jotzen dutela. Nola uler liteke, bestela, Rubalcabak nabarmentzea datozen hauteskundeetako kanpaina «segurua» izango dela, «lehen aldiz, ETAren atentatuen beldurrik gabe»?

Hauteskundeen aurretik badago tarterik pauso berriak emateko? Bai. Ez du balio PPren mamua astintzea. Espainiako Gobernuak aukera ezin hobea du erakusteko ez dela PP bezalakoa. ETAri dagokionez, barne prozesua heldu bada, hobe da ez itxoitea Espainiako Gobernuan nor jartzen den ikusi arte. Horrek ez du kentzen pauso guztiak neurtzea, eta hauteskunde aurretiko urratsek ondoren ere indarra eta jarraipena izan dezaten saiatzea.

Aralarrek jarrera irekia erakutsi du. Interesa agertu du. Ulertu du indarrak biltzen saiatzeko unea dela. Bereziki garrantzitsua da Nafarroaz egin duen gogoeta. Une honetan aukerarik hoberena NaBaiko eta Bilduko indarrak batera aurkeztea dela ondorioztatu du. Besteak beste, UPNren gainetik gelditzeko ahalbidea dagoelako. EAJk ez du oraindik horretaz ezer esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.