Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gauerditik aurrera hodeiak ugaritzen joango dira pixkanaka-pixkanaka Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan -Lapurdiri ere eragingo dio haizeteak-. Zeruak lainotuta egongo dira 24 orduetan eta tarte horretan hegoaldeko haizea oso zakar ibiliko da; haize boladek haizeguneetan 100 kilometro orduko abiadura eta mendi inguruetan 120koagainditu dezaketela ere nabarmendu du Euskalmetek. Gordon-en hondarrek zortzi metroko olatuak sor ditzakete.Eguna amaitzerako, beharbada, euri zaparradaren bat edo beste bota dezake, baina ez du askorik egingo.
Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionalak atzo jakinarazi zuenez, Saffir-Simpson eskalan bigarren mailan dago Gordon urakana eta hainbat egun daramatza Ozeano Atlantikoan barrena. Urakanaren lehen aztarnak atzo ailegatzekoak ziren Azore uharteetara (Portugal).
Portugalgo Meteorologia Institutuak alerta egoera jarri zuen atzo Azore uharteetako bost irlatan. Urakanak, batez ere, atzo gauean eta gaur goizean joko zuela nabarmendu zuen zerbitzu meteorologikoak. Gainera, Azore uharteetara hurbildu ahala indarra hartuz joan zen. Diamantino Henrique meteorologoak, bestalde, egoera «ez zela ohikoa» esan zuen atzo, Karibe ingurutik datozen urakanak iparralderantz joaten direlako eta Azore uharteetara ailegatzen direnerako ekaitz tropikal bihurtzen direlako.
Bestalde, Espainiako Meteorologia Institutuak iragarritakoaren arabera, zikloia gaur da Galiziara iristekoa, ekaitz tropikal moduan. Azore uharteak urakan moduan zeharkatzekoa bazen ere, Galiziara ailegatu orduko ekaitz tropikal bihurtzekoa zen. Iturri berak Galizian hego-ekialdeko haizete «oso handiak» izango zituztela iragarri zuen gaurko, eta ekaitzak 120 kilometro orduko abiadura gaindituko zuela. Eurite handiak eta bederatzi metroko olatuak ere espero dituzte gaurko.
Espainiako lurretara iritsiko da bihartik aurrera Gordon eta zenbait toki arrisku handiko guneak izan daitezkeela adierazi du Espainiako Meteorologia Institutuak, Asturias eta Gaztela eta Leon, besteak beste. Zikloia, gero, Erresuma Batura joan daitekeela gaineratu dute.
Ez da Euskal Herriko lehena
Euskal Herriaren kasuan, ez da halako zikloi tropikal bat hurbiltzen den lehenengo aldia. Izan ere, 1982an, Juan Pablo II.a aita santu ohiak Gipuzkoara egindako bisita egun haietan ekaitz indartsu bat izan zen; baita 1984an eta 1988an ere. Bestalde, ekainaren 1ean hasi zen Atlantikoan urakanen denboraldia. Azaroaren 30ean bukatzen da eta dagoeneko zortzi ekaitz sortu dira; sei urakan bihurtu dira.
Eguraldia
Haizete handiak iragarri dituzte gauerditik aurrera
Gordon ekaitz tropikalaren eraginez, haize bolada handiak ibiliko dira gauerditik aurrera. Arretaz ibiltzeko eskatu dute babes zibileko zerbizuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu