eguraldia

Haizeteak kalte materialak eragin ditu Euskal Herriaren ipar partean

Baionan eta Donostian zuhaitz batzuk erori dira, eta arazoak sortu dira trafikoan. Barakaldon aldamio bat bota du haizeak, eta Durangon, horma bat­.

Haizetearen ondorioz zuhaitz bat erorita, gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
2020ko martxoaren 3a
18:56
Entzun

Haize bolada handiak izan dira gaur arratsaldean Euskal Herrian, batik bat ipar partean, eta kalte material batzuk eragin ditu. Lapurdiko kostaldean, suhiltzaileek behin baino gehiagotan esku hartu behar izan dute. Miarritzen, orduko 128 kilometroko haizetea neurtu dute, eta zenbait zuhaitz lurrera erori dira. Baiona eta Hiriburu artean, errepidera erori da zuhaitz bat, eta auto lerro luzeak eragin ditu horrek arratsaldean. Tren zerbitzuan ere arazoak sortu ditu haizeteak.

Gipuzkoan, orduko 135 kilometroko haizea ibili da, eta Irunen eta Donostian eragin ditu kalte materialik handienak, batez ere arratsaldearen hasieran. Donostian, suhiltzaileek hamasei irteera egin dituzte —Gipuzkoan denera, 40—, kalteak izan baitira zuhaitzetan, leihoetan, eraikinetan eta kaleko altzarietan. Hiru zuhaitz erori dira Donostian; horietako handiena, Karlos I.aren hiribidean, eta trafikoari eragin dio, errepideko lerro bat oztopatuta geratu delako. Bulebarrean jausi den zuhaitz batek gizonezko bat harrapatu du, baina ez da zauritu.

Bizkaian, Barakaldon haizeak aldamio handi bat bota du, Gurutzeetan, eta Durangon horma bat jausi da, Komentu kalean. Ez da inor zauritu ez batean eta ez bestean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.