Gaur arratsaldetik aurrera beste denborale batek 100-120 km/h-ko haize boladak ekar ditzakeela ohartarazi dute metereologia zerbitzuek eta agintariek. Haize bortitza haizeguneetan sumatuko ditugu batez ere, eta mendebaldean mendian, Araban bereziki; dena den, Bizkaiko zenbait tokitan, Urduñan edo Karrantzan kasu, haizeak 140 km/h-ko abiadura har dezake. Badaezbada ere pertsianak eta leihoak ondo ixteko aholkua eman dute.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur eguerditik aurrera hego-mendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura har dezakete, eta arratsalde-gauean haizearen indarra areagotuko da. Bihar goizaldean eta goizean mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize boladak 120 km/h-koak izan litezke haizeguneetan.
Gainera, gaur iluntzetik aurrera bost metroko uhainak espero dira; marea biziekin bat egingo dutenez, arriskua egon liteke itsaso eta kostaldeko jarduerekin.
Iragarpena ikusita, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak alerta ezarri du, eta bihar arte egongo da indarrean. Nafarroan, alerta horia ezarri dute haizearengatik ere.
Donostiako Udalak Larrialdi Plana abiatu du, gaurko arratsalderako 130 km/h-ko haizeak eta lau metroko olatuak espero direlako. Hala, Pasealeku Berria itxi dute zirkulaziorako, eta gainera arriskua duten aldamioak eta metalezko egiturak zainduko dituzte. Alde Zaharrean, autobonbak ezarriko dituzte, eta lur zakuak San Martin merkatuko etxabeetan.
Bilboko Udalak jakinarazi du gaur gauean zakar bilketa ez dutela egingo, "zaborrek hegan ez egiteko"; ondorioz, herritarrei sastarra ez ateratzeko eskatu die.
Denboralea
Haizetearekin kontuz ibiltzeko gomendatu dute
Gaur iluntzetik bihar arte 100-120 kilometro orduko haize ufadak espero dira, bereziki kostaldean, eta bost metroko olatuak eragin ditzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu