Hala Bedi irratiak jakinarazi du irrati lizentziak banatzeko lehiaketara aurkeztuko dela, eta "emisioen legezkotasuna onartu arte borroka" egingo dutela. Irratiaren asmoa bi lizentziaren bila aurkeztea dela azaldu dute gaur goizean Gasteizen, irrati lizentzien banaketaren balorazioa egiteko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak 34 irrati lizentzia banatuko ditu, herenak euskaraz.
Lizentziak banatzeko lehiaketa "irrati komunitarioen errealitatea inondik inora kontuan hartuko ez duen prozesua" dela salatu dute, eta parte hartzea "erraztu baino zaildu" egiten duela.
Irratiko kideen arabera, ezinbestekoa da sektore publikoa, sektore komertziala eta sektore komunitarioa kontuan hartzea.
Gainera, lehiaketak irrati komertzialak "modu nabarmenean lehenesten" dituela salatu dute, "irrati txiki eta lokalagoen kalterako".
"Gure herriko errealitate soziolinguistikoaren aurrean ez ikusiarena egitea nahiago izan dute beste behin, eta ez dute kontuan hartzen gurea bezalako irratiak euskararen normalizazio prozesuan egiten ari diren lana", adierazi dute.
Horrekin batera, jakinarazi dute FMrako emisio berri bat martxan jartzeko lanetan ari direla, euskara hutsean izango dena. Komunikazio proiektu berri honekin, Hala Bedik bi emisio berezitu eskainiko ditu etorkizunean. Bata orain arteko ezaugarriak mantenduko dituena. Bestea, berriz, euskara hutsezkoa izango dena.