Departamendu bozak

Hamabi kantonamenduetarik hamaikatan zentro-eskuina izan da garaile

Forces 64 zentro-eskuineko gaur egungo gehiengoa da nagusitu departamendu bozetan. EH Baik lehen aldiz Hendaiako kantonamendua irabazi du, eta bi kontseilari bidaliko ditu Paueko erakundera. Gauche 64 taldeko sozialistek bi kantonamendu historiko galdu dituzte Baionan, baita Hendaiakoa ere.

Jean-Jacques Lasserre, orain arteko departamenduko lehendakaria bozkatzen. NAHIA GARAT
Iñaki Etxeleku - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko ekainaren 27a
20:56
Entzun

Jean-Jacques Lasserre gaur egungo Pirinio Atlantikoetako departamendu buruaren Forces 64 zentro-eskuineko gehiengoa garaile nagusi atera da departamendu bozetarik. Ipar Euskal Herrian, hamabi kantonamenduetarik 11tan zentro-eskuinak irabazi du. Lasserrek gehiengoa bermatua du Paueko kontseiluan. EH Bai alderdiko Iker Elizaldek eta Annie Povedak sorpresa ekarri dute, Hendaiako kantonamenduan abertzaleak nagusitu baitzaizkie sozialistei. Sozialistek, hain zuzen, Baiona 2 eta Baiona 3 aspaldian beren esku zituzten bi kantonamenduak galdu dituzte.

Nabarmentzekoa da parte hartze biziki apala izan dela, lehen itzulian bezala: %30 eta %40 artekoa kantonamendu kasik guzietan. Baxenabarre eta Zuberoan doi bat gehiago bozkatzera joan badira ere, Mendialdean salbu, bozkazaleen erdira ez da iritsi parte hartzea (ikusi emaitza guztiak hemen).

Mendialdea

Azken kargualdian departamenduko gehiengoan izan den Forces 64 eskuina gailendu da bozen %59,2 bildurik; Jean Pierre Mirande eta Annick Trounday Idiart izanen dira kontseilariak, 5.702 bozekin. EH Baiko Anita Lopepe eta Frantxoa Camus izan dituzte parean, eta, kantonamendu horretan, bozen %40,8 bildu ditu koalizio abertzaleak (3.980 boz). «Biziki kontent gara, segitzen ahalko baitugu hasi dugun lanean», erran du Annick Trounday kontseilariak.

Anita Lopepe EH Baiko hautagaiak bere azterketa egin du, gaur egungo gehiengoaren politika egiteko moldea begitan harturik: «Badakigu zein izanen den gure lana ondoko sei urteetarako: notabilismo eta klientelismo horren kontra lan egitea, ikusten baita sistema horren sareek oraino funtzionatzen dutela. Dolu bat baldin bada da abstentzionisten mobilizatzen ez dugula lortu argiki». Mezu bat bidali die, bestalde, EH Bairen alde bozkatzera deitu nahi ukan ez duten lehen itzuliko hautagai komunistei: «Beste egiaztapena da ezkerreko boz guziak ez direla gure hautagaitzarat itzuli. Argi eta garbi beharko dute bilana egin, bereziki Maule inguruko komunistek, bidea erraztu baitiote eskuinari. Politika soziala lantzen den erakunde batean ezberdintasuna egin lezake, hain zuzen, gurea bezalako ezkerreko indar batek».

Parte hartzea lehen itzulitik hiru puntuz emendatu bada ere, dena den, abstentzioa handia izan da: %49,94. Lehen itzuliari konparatuta, Forces 64ko hautagaiek kasik mila boz gehiago eskuratu dituzte bigarren itzulian, eta EH Baikoek kasik seiehun boz gehiago. Abstentzioak biei ere eragin die, duela sei urteko departamendu hauteskundeetan, Mirande-Trounday bikoteak 800 bat boz gehiago ukan zituztelako, eta Leonie Agergarai-Antton Kurutxarri (EH Bai) bikoteak mila boz gehiago.

Bidaxune-Amikuze-Arberua-Oztibarre

Bidaxune aldea, Amikuze eta Oztibarre kantonamenduan ere lehen lekua erdietsi du departamenduko Forces 64 eskuinak, behin-behineko emaitzen arabera. Jean Jacques Lasserre oraingo departamenduko kontseiluko presidentea eta haren kontseilari Anne Marie Bruthe gailendu dira, bozen %63,5 lorturik. Ondoko kargualdirako presidentetza berriz erdiesteko bidea irekia du, beraz, Lasserrek. EH Bai ere pasatu zen bigarren itzulira: bozen %36,5 erdietsi ditu Emilie Dubois eta Xabi Larralde bikoteak (2.659 boz).

Donibane Lohizune

Donibane Lohizuneko kantonamenduan Emmanuel Alzuri ea Patricia Arribas-Olano (Forces 64) nagusitu zaizkie EH Baiko Peio Etxeberri-Aintxart eta Leire Larrassari. %55,5eko emaitza egin dute Forces 64koek, kasik 900 boz gehiago lehen itzuliarekin alderatuta; abertzaleek bozen %44,5 lortu dituzte, 700 bat bozez emendatuta emaitza.

Angelu

Angeluko kantonamenduan, aldaketarik ez. Horra arte departamendu kontseilari ziren Forces 64ko Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrassek bozen %58,8rekin eraman dituzte hauteskundeak, Gauches 64ko Florence Mazeres eta Jerome Piresen parean (%41,2).

Baiona 1

Baiona eta Angelu hirien zati bana barnebiltzen dituen Baiona 1 kantonamenduan Angeluko auzapez Claude Olivek eta Sylvie Meysenc baionarrak irabazi dituzte hauteskundeak (Forces 64), aitzina handiarekin (%65,1), gibelean utziz Gauche 64ko Bernard Marti eta Elise Wilbois (%34,9).

Baigura Mondarrain

Jean-Pierre Harriet eta Isabelle Pargade zentro-eskuineko (Forces 64) gaur egungo departamendu kontseilariek karguan jarraituko dute ondoko sei urteetan Baigura-Mondarrain eremuan, bozen %60,4 eginik. Parean zituzten EH Baiko Txomin Hiriart-Urruti eta Magali Lartiguek %39,6 egin dituzte. Hirriart-Urruti pozik agertu da hauteskunde hauetako emaitzarekin, duela sei urteko EH Bairen emaitzak hobetu dituztelako. «Kontent gara, zeren eta %3 gehiago egiten dugu eta 800 bozkazale gehiago». Ondoko sei urteetan, departamenduko Forces 64ko hautetsiek eginen dutena zainduko dutela adierazi du Hiriart-Urrutik: «Hurbiletik zainduko dugu egiten dutena eta ez utzi egiten nahi duten guzia, postu guzietan manuetan baitira».

Isabelle Pargade garailea bozkariaturik mintzatu da emaitzen ondotik: «Emaitza gogobetegarriak dira. Azken kargualdian eraman dugun lanaren emaitza da: terrenoko lana egin dugu, eta herritarrez hurbil izan gara, egiazko proiektuak aitzina eramanez. Baditugu proiektuak eramateko, hala nola etxebizitzaren inguruan, belaunaldi arteko bizitegi inklusiboak sustatzeko, besteak beste».

Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuri

Uztaritzeko kantonamenduan ere Forces 64 zentro-eskuina nagusi. Philippe Etxeberria Arrangoitzeko auzapezak eta Benedicte Luberriaga Azkaingo hautetsiak bozen % 58,2 lortu dituzte, lehen itzulitik 1.400 boz gehiago eginez. EH Baiko Santiago Kapendegi eta Joana Irigaraik, berriz, %41,8, lehen itzulian baino 1.100 boz gehiago eskuratu dituzte. Abstentzioaren ondorioa ikusi da kantonamendu horretan ere, garaileek duela sei urte baino 900 boz gutiago egin dituztelako eta abertzaleek 1.000 boz gutiago.

Baiona 3

Henri Etxeto eta Florence Dupreuilh Gauche 64ko kontseilariek kargua galdu dute 29 bozengatik. Forces 64ko Olivier Alleman eta Christine Lauquek bozen %50,27 egin dituzte (2.656 boz). Etxeto eta Dupreuilhek %49,73 (2.627 boz). Luzaz Etxeto sozialistak eskuetan zuen kantonamendua galdu du eskuineko gehiengoaren mesedetan.

Baiona 2

Baiona 2ko kantonamenduan gisa bereko aldaketa gertatu da. Juliette Brocard eta Christophe Martin orain arteko Gauche 64ko departamendu kontseilariek galdu dute kargua. Baiona eta Bokaleko udaletako gehiengoen zentro-eskuineko sustenguarekin aurkeztu dira Joseba Erremundegi eta Monia Evene-Mateo, eta haiek lortu dute garaipena; hor ere boz gutiregatik izan da. 88 bozeko aldea atera diete Paueko erakundera joanen diren kontseilari berriek aitzinekoei.

Errobi-Aturri

Errobi-Aturriko kantonamenduak ere kontseilari berriak izango ditu: Maider Behotegi eta Marc Saint-Esteven zentro-eskuinekoak, bozen %60,7rekin. Parean zituzten EH Baiko Mathieu Elgoien eta Martine Etxegoinek bozen %39,3 egin dute. Duela sei urte Alain Iriart Hiriburuko auzapezak (EH Bai) eskuin muturraren parean bigarren aldikoz irabazi zuen kantonamendua zentro-eskuinera pasatu da, ondorioz —ez zen EH Bairen etiketarekin aurkeztu eta kargualdi erdian utzi zuen kargua, Euskal Elkargoko lehendakariorde bilakatzearekin—.

Miarritze

Miarritze eskuin geldituko da. Forces 64 gehiengoko Max Brisson eta Martine Vals garaile atera dira bozen %53,73rekin, gibelean utziz Generations eta Berdeen sustengua zuten Mathieu Castaings eta Ana Ezkurra (%46,28).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.