Beste oldarraldi bat izan da Bizkaiko zahar etxe batean. Oraingoan, Elorrioko zentro batean atzeman dituzte kasuak, eta, hori kontatuta, Bizkaian bost dira positiboak dituzten zahar etxeak. Langile batek positibo eman zuela eta, probak egin zizkieten zahar etxeko gainerako egoiliarrei eta langileei, eta beste 11 kasu detektatu dituzte, guztiak egoiliarren artean. Asintomatikoak dira kutsaturik daudenak, eta Bilboko Birjinetxe zentro soziosanitariora eramango dituzte datozen orduetan. Agerraldian atzemandako positiboak kontuan izanik, 115 dira gaur egun Bizkaiko zahar etxeetako kasuak: 58 egoiliarrak dira, eta 57, langileak. Gainera, egoiliarretatik hiru ospitalean daude, eta beste 64 langile bakarturik daude, prebentzio moduan.
Bestalde, Arabako zahar etxeetako lehen kasuak atzeman zituzten asteartean Zuian. Azken orduetan beste bi kasu detektatu dituzte, eta 21 kasu dira guztira: hemeretzi egoiliar eta bi langile daude kutsaturik. Asintomatikoak dira guztiak ere. Probak egin dizkiete egoiliar eta langile guztiei, baina 27 emaitza aztertzen ari dira oraindik. Beraz, baliteke datozen ordutan kasu gehiago izatea.
Gipuzkoan ere izan dira kasu gehiago azken orduetan. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hiru kasu detektatu dituzte aurreko egunetan bi kasu atzeman zituzten Donostiako zahar etxe berean. Beraz, bost dira oraintxe kutsaturik dauden egoiliarrak herrialdeko zahar etxeetan. Azken hiru kasuak asintomatikoak dira, eta bakarturik dauzkate beren logeletan. Aurretik positibo eman zuten bi egoiliarrak, aldiz, Eibarko ospitalean daude, COVID-19 gaitza duten zahar etxeetako egoiliarrak artatzeko gune berezian.