Bederatzi Nafarroan gertatu ziren, eta bana Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Kasu horiek hamabi kaltetu eragin zituzten. Halaber, gogorarazi dute Hegoaldean bi pertsona hil zirela polizia etxeetan; 2016ko urrian gertatu ziren biak, bat Espainiako Poliziaren Iruñeko ziegetan, eta beste bat, Sestaoko Ertzaintzaren polizia etxean.
Espainiako Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeak gertaera horiek jaso ditu 2016ko txostenean. Txostenaren aurkezpenean nabarmendu dute, bigarrengoz jarraian, ez dela inkomunikazio egoeran atxilotutako pertsonen salaketarik izan. Ordea, zehaztu dute gero eta zailtasun gehiago daudela tortura eta tratu txarren kasuak ikertzeko. “Eskubideen bermea ahalbidetuko duen mekanismoak ezarri beharrean, gertaerak ezkutatzeko prozedurak abiarazten dituzte”, salatu du Cesar Manzanosek, Arabako Salhaketako kideak.
Halaber, txostenaren egileek gogora ekarri dute bertan jasotako kasuek ez dutela “errealitate osoa” islatzen. Hain zuzen ere, azaldu dute jendea ez dela ausartzen halako gertaerak salatzera, paira ditzaketen ondorioen beldur. Silvia Encina abokatua da, eta Zaragozako espetxean zendu zen Bizkaiko gizon baten alarguna. “Espetxean preso daudenen egoera muturrekoa da; jipoia jasateaz gain, funtzionarioek haien kontrako salaketa jartzen dute, eta amaigabeko bide bat abiarazi”.