Hamabi urteko kartzela zigorra bikote batentzat, neska adingabe bati sexu abusuak egiteagatik eta haiek baimentzeagatik

Gizonak hainbat aldiz bortxatu zuen neska; gizonaren bikotekide eta neskaren amak, berriz, sexu erasoak onartu egiten zituen.

jakes goikoetxea
2024ko apirilaren 24a
17:30
Entzun

Bizkaiko Auzitegiko Lehen Atalak hamabi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekidearen alaba adingabeari sexu abusuak egiteagatik. Era berean, hamabi urteko kartzela zigorra ezarri dio neskaren amari ere, ezinbesteko laguntzaile izateagatik: bazekielako gizonak zer egiten zion alabari, onartu egiten zuelako eta «ez zuelako ezer egin haiek eragozteko». Ezar ziezaiekeen gehienezko zigorra jarri die, haien jokabidearen larritasunagatik eta neskarengan eragin dituzten «ondorio lazgarriengatik».

Auzitegiaren ebazpenean adierazi dute epaiketan frogatuta geratu dela gizonak 10-11 urteko neska «askotan» bortxatu zuela 2021eko otsailetik 2022ko maiatzera, neskaren amaren bikotekidea eta alabaren izatezko aita zela baliatuz, «bere desio lizunak asetzeko asmoz». Amak «oso ondo» zekien bikotekideak zer egiten zuen, eta onartu egiten zuen, «salatu eta jokabide bidegabe horiei amaiera ematen saiatu ordez». Alaba amarengana joan zen babes eske, baina amak zera erantzun zion: «Etxeko gauzak ez dira kontatzen, etxean geratzen dira». Ondorioz, aitak jarraitu egin zuen sexu abusuekin. 

Amari zigor txikiagoa ez jartzea erabaki du auzitegiak, «hark bere gain hartu zituelako bere laguntzaz bikotekideak egindakoak», eta, auzitegiak adierazitakoaren arabera, amak alabari eragindako kaltea «neurri batean handiagoa delako, neskak ama maite baitu eta ez baitu ulertzen lagundu ez izana».

Zigortuek epaiketan esan zuten neskak salatutako gertaerak «alegia bat» eta faltsuak zirela. Auzitegiak, ordea, ondorioztatu du benetakoak direla: «Gutxieneko analisi koherente bat eginez gero, ezin da argudiatu salaketaren eta haren lekukotzaren arrazoia mendekua izatea, akusatuek adingabeari ustez emandako hezkuntza zurrunagatik». Nabarmendu du neskaren lekukotza koherentea, argia eta oso zehatza izan dela, «pitzadurarik eta kontraesanik gabea». Gainera, epaiketan egiaztatu dute gizonak sexu bidez transmititzen den gaixotasun bat kutsatu ziola neskari.

Zigortuek 30.000 euro eman beharko dizkiote, kalte ordain gisa. Ezingo dira hogei urtean harekin harremanetan jarri eta 500 metro baino gutxiagora hurbildu. Amari alabaren guraso ahala kendu diote, neska adinez nagusia izan arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.