Espainiako Poliziak hamabost gazte atxilotu ditu gutxienez gaur, eta zenbait etxe, lokal eta Gaztetxe miatu ditu. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan atxilotu dituzte, horien arabera, "Segiren zuzendaritza berriro osatzeko bilera eta bilkuretan parte hartzeagatik". Horiei, beste bat gehitu dakieke, albiste agentzien arabera azken orduan hamalaugarren gazte bat atxilotu delako Poliziak.
AAMk jakinarazi duenez, hamabost atxilotuetatik bost izan dira Bizkaian, bost nafarroan, hiru Gipuzkoan, bat Araban eta bat Bartzelonan. Barne ministerioak eta albiste agentziek izen dantza ibili dute, gazteak zerrendan atera eta sartuz, eta arratsaldeko lehen ordura arte Endika Perez ere atxilotuta zegoela esan dute, baina ez da horrela. Polizia bere gurasoen etxera joan da, baina ez dute han topatu. Azken informazioen arabera hauek dira atxilotuak:
-Ainara Ladron: Elgoibar (Gipuzkoa).
-Edu Castillo: Elgoibar (Gipuzkoa).
-Julen Zuaznabar: Astigarragan (Gipuzkoa).
-Xabat Moran: Bilbon atxilotua.
-Ikoitz Arrese: Bilbon.
-Ruben Villa: Sestao (Bizkaia).
-Imanol Beristain: Erromon (Bizkaia).
-Xabi Bidaurre: Galdakaon (Bizkaia).
-Egoi Irisarri: Iruñea.
-Ibon Esteban: Iruñea.
-Ander Maeztu: Antsoain (Nafarroa).
-Imanol Salinas: Burlata (Nafarroa).
-Xabier Arina: Burlata (Nafarroa).
-Igazki Robles: Gasteiz.
-Marina Sagastizabal: Bartzelonan.
Aipatutakoez gain, AAMak jakinarazi duenez, Bergoi Mardarazen (Gasteiz), Aiala Zaldibarren (Gasteiz), Beñat Lizeagaren (Zumaia) eta Aitziber Plazaolaren (Bergara) etxeetan ere sartu da Polizia, baina gazteak ez zeuden etxean; Plazaolaren kasuan gurasoen etxea ere miatu dute. Goizeko lehen orduan Irati Tovar ere atxilotuta zeudela esan dute albiste agentziek, baina ez da horrela.
Gazteek 20 eta 29 urte bitartean dituzte, eta horiek atxilotzearekin batera hainbat etxe, lokal eta gaztetxe ere miatu ditu Poliziak: Zumaiako gaztetxea, Donostiako Gros auzokoa, Astigarragako Zipotz elkartea, eta Deustuko eta Erromoko Herriko Tabernak. Atxiloketak gertatu diren unean gainera, Poliziak gazteei babesa ematera joandakoen aurka egin duela salatu du AAMk, eta zenbait pertsona kolpatu dituztela.
Horrekin batera, torturatuak izateko arriskua dutela ohartarazi zu AAMk eta atxilotuen egoeraren gainean kezka agertu du aurten jada 49 euskal herritarrek torturak salatu dituztela gogoraraziz. AAMk jakinarazi duenez, Egoi Irisarri eta Xabier Arina orain bi urte epailearen aurrean aurkezteko prest agertu ziren, euren izenak "zerrenda beltzetan" agertu ondoren. Horregatik sarekada salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitu du. Atxiloketak gertatu diren zenbait lekuetan batzarrak eta bilkurak daude jada deituta, besteak beste, Bergaran, 19:00etan.
Miaketa horietan lehergaiak egiteko materiala atzeman dietela esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro eta lehen lehendakariordeak, baita 36.000 euro ere. Espainiako Gobernuak "ETAri bere harrobia berrosatzen" ez diola utziko ere esan du Rubalcabak. Operazioak zabalik jarraitzen duela argitu du.
Polizia zoriondu du Aresek
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak Espainiako Polizia eta Gobernua zoriondu ditu ohar baten bidez, Segiren aurkako operazioagatik. "ETAren harrobiaren berrosaketa" bertan behera utzi dutela gaineratu du, eta "instituzio demokratikoek eta Poliziek ETA eta bere inguruari" atsedenik ez diotela emango frogatzen duela. "Instituzio guztiek sendotasun demokratikoarekin eta zero tolerantziarekin dugun konpromiso zorrotzari eutsiko diogu, behin betiko eta modu garbian biolentziari uko egin geratzen ez zaion mundu horren aurrean", gaineratu du.
POLIZIA OPERAZIOA
Hamabost dira Espainiako Poliziak atxilotutako gazteak, "Segiren zuzendaritza osatzeko bileretan parte hartzeagatik"
Atxiloketak Hego Euskal Herrian eta Katalunian hasi da 03:00etan, Grande-Marlaskaren aginduz, baina arratsaldeko lehen ordura arte ez dituzte izen guztiak eman. AAMk "tortura arriskuaren aurrean" gazteen egoeraren gainean kezka agertu du. Sarekadak zabalik jarraitzen du, eta azken bi gazteak Elgoibarren atxilotu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu