Lehertu da festa Iruñean. Enrique Maia alkateak 12:00ak puntuan bota du txupinazoa, eta Udaletxe plazan bilduta zeuden festazaleek zapi gorria lotu dute lepoan. Eguerdian jaiei hasiera eman bitartean hainbat pertsona zauritu dira. 25 lagun artatu dituzte guztira, Iruñeko kale jendetsuenetan jarri oi diren arreta postuetan.
Nafarroako Gurutze Gorriak hamabost lagun hartu ditu bere postuetan, gehienak zauri arin eta traumatismoekin. 15 zaurituetatik seik San Saturnino parrokia parera jo dute, eta gainerako bederatziek Santo Domingokora.
DYAk 10 pertsona artatu ditu bere postuetan txupinazoak zirauen bitartean. Gainera, hamar pertsona eraman behar izan dituzte ospitalera; larrienak, Nafarreriako iturritik jauzi egin duten bi gizon. Nafarroako ospitalera eraman dituzte, eta ez dago euren identitatearen edo larritasunaren daturik; garunean kommozioa dutela soilik.
Datu horiei, atzo zezen plazan artatutako lau zaurituak gehitu behar zaizkie. Hala ere, antolakuntzak "zaurituen jaitsiera nabarmena" azpimarratu du, iaz 70 lagun izan baitziren min hartutakoak. Horren harira, antolatzaileek esan dute "beira debekatzeari esker" zortzi pertsona artatu dituztela ebakiengatik. Gainerakoek zorabioak, kolpeak eta bestelako zauriak zituzten.
Iturritik jauzitako gizonaz gain, beste bi lagun eraman dituzte ospitalera; 18 urteko gasteiztarra bat, arnasketa-arazoak zituena, eta 33 urteko Jacako gazte bat, bularraldean min zuelako.
Ikurrina eta guzti lehertu da txupinazoa
Oztopoak oztopo, gainera, bi ikurrina erraldoi zabaldu dituzte Iruñeko Udaletxe plazan, sanferminei hasiera emango dien txupinazoa bota baino ordu erdi lehenago. Enrique Maia alkateak plazan ikurrina sartzeko debekatu zuen, baina legezko ikurra dela aldarrikatuz kalejira bat zegoen antolatuta Gure ikurrak defenda ditzagun lelopean.
Kalejira Udaletxeko plazara sartu denean, inguruan polizia asko plaza barrura jendeak zer sartzen duen zaintzen ari den arren, bi ikurrina erraldoi zabaldu dituzte, eta horieki batera Nafarroako bandera erraldoi bat eta ikurrina txiki gehiago ere ikusi ahal didra. Udaltzainekin zenbait tira-bira izaten ari dira horregatik.
Ikurrinetako bat zulatu egin da tira-bira horietan, baina plazan jarraitzen dute. Euskal presoen aldeko banderola bat ere ikus daiteke plazaren gainean zabalik. M-15 mugimenduaren baloi erraldoiak ere agertu dira, eta batetik bestera dabiltza.
Goizean hasi da jendea biltzen
Iruñea zuri-gorri esnatu da goizean goizetik. Giro freskoa zegoen baina eguzkiak berotu du goiza. Jendea lehen orduetatik hasi da pilatzen Udaletxeko plazan, eta 11:00etarako beteta zegoen. Enrique Maia alkate izendatu berriak botako du aurten txupinazoa, eguerdian, eta bederatzi eguneko festak hasiko dira.
Iazko txupinazoan udaltzainak udaletxeko plazara ikurrina handi bat kentzera indarrez sartu eta zenbait istilu eragin arren, aurten herritar talde batek ikurrina eramateko eskubidea aldarrikatu eta horretarako deia luzatu du. Udaletxean egongo diren gonbidatuen artean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia izango da.
BERRIA.INFOk zuzenean emango du webgunean txupinazoa. Goizeko 10:00etan hasi da zuzeneko emankizuna, eta ordu horretatik 12:30ak arte Euskalerria Irratiaren saioa zuzenean jarraitzeko aukera dago BERRIAren webgunean. Datozen egunetan, horrez gain, hainbat bideo ere landuko ditu BerriaTBk.
BERRIA.INFOk webgune berezia
2,7 milioi euroko aurrekontua dute aurtengo sanferminek, horietatik 1,08, ekitaldiak antolatzeko, iaz baino %10 gutxiago. Iruñeko Udalak 520 ekitaldi antolatu ditu, baina horiei Peñen Federazioak, Gora Iruñea!-k eta beste zenbat talde eta elkartek antolatutakoak gehitu behar zaizkie.
BERRIA.INFOren webgune berezian ikus daitezke egitarauak, sanferminen inguruko beste hainbat kontuekin batera. Aurten, gainera, Iruñeko BERRIAko kazetariek jaien inguruko iruzkina, argazkiak eta bideoak sartuko dituzte, Berriketan.info sare sozialaren sanferminei buruzko atalean.
Bihar Emakumeen Eguna
Bihar entzierroak hasiko dira, eta patroiaren eguna izanik, prozesioa izango da. Aurretik gaur Riau-riaua izango da beste urte batez, herrital talde batek deituta. San Fermin eguna ospatzeaz gain, ordea, bihar Astelehen Lilak elkarteak Emakuameen Eguna ospatzera ere deitu du, eta soinean lila koloreko zerbait eramatera deitu du, genero indarkeria biktimak gogoan.
Nafarroako Gobernuak 750 foruzain mobilizatuko ditu, eta Iruñeko Udalak, 450 udaltzain eta 200 laguntzaile. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Iruñean dituzten polizia guztiak mobilizatuko dituzte.