Mapa berria: 22 eskualdeetatik 13 eskualdeetara pasatuko da 2016ko urtarrilean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, orain arte Akitania eskualdearen barnean sartua zuten, eta 2016tik goiti Akitania, Poitou-Charentes eta Limousin eskualdeak bilduko dituen eskualdean sartuko dute. Eskualde berriaren hiriburua Bordele izanen da, itxura guztien arabera.
Legeaz baliatu dira baita departamenduko eta eskualdeko bozen egunak ere argitzeko. Departamentuetako hauteskundeak 2015eko martxoaren 22an eta 29an atxiki dituzte; eskualdeetako hauteskundeak, berriz, 2015eko abendurako dituzte atxikitzekoak.
Iragan astean egin zuten lurralde egituraketaren inguruko eztabaida Frantziako Asanblean, eta eztabaida hartan onartu zuten mapa berria jasotzen duen lehen artikulua.
Beraz, 5,8 milioi bat biztanleko eskualde batean geratuko da Ipar Euskal Herria —Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 285.000 lagun bizi dira—. Izan ere, egungo hiru eskualdek bakarra osatuko dute: Akitaniaren parte da Iparraldea, eta Limousin eta Poitou-Charentesekin bat egingo du eskualde horrek.