Euskara

Hamaika egun euskaraz

Nafarroan euskaraz bizitzeko nahian urratsak egiteko egitasmoa abiatu du Kontseiluak Nafarroan: 'Hamaika egun' kanpaina. Ekitaldia egingo dute Anaitasunan, apirilaren 25ean.

Kontseiluaren agerraldia. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Lohizune Amatria.
2014ko irailaren 17a
10:51
Entzun

"Hamaika bizipen bizi ditu euskaraz bizi nahi duenak. Oraintxe bertan, heldu aroan euskara ikasteko grina duten milaka lagun ari da Euskal Herri osoan euskaltegietan izena ematen euskaraz bizitzeko. Nafarroan, urtero 6.000 lagunek baino gehiagok egiten dute urrats hori", azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Gaur eman du Hamaika egun kanpainaren berri, Kontseiluko kide diren erakundeetako ordezkariekin.

Kanpaina abiatzeko, bideo bat aurkeztu dute, eta apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasunera joateko deia egin dute. Euskaraz bizi nahi duenak Nafarroan euskaraz bizitzeko zer norabide eta neurri hartu behar dituen aurkeztuko dute ekitaldian.

Nafarroako hizkuntza politikak euskara eta euskaldunak baztertzeko helburua du, Bilbaoren esanetan: "Euskaldunak eta euskara baztertu egin ditu". Euskararen legea, ingelesaren hedapen "faltsua" eta euskalgintza itotzeko hartutako neurri ekonomikoak aipatu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak.

Hala ere, Nafarroako Gobernuaren euskararen kontrako hizkuntza politikak etenik izan ez duen arren, nafarren euskararen aldeko jarrera irmoak ez duela etenik izan gaineratu du. Horregatik, euskaraz bizi diren herritarrak eta euskaraz bizitzeko tresnak garatu dituztenak zoriondu ditu. Eta baita bide beretik jarraitzera animatu ere.

"Gaur, euskara ikasi nahi duten helduak euskaltegietara joatera animatu nahi ditugu, bihar euskaraz bizi daitezen eta inguruan dituzten euskaldunei euskaraz bizitzeko aukera eskain diezaieten", esan du Bilbaok. Bide hori egin duten eta egiten ari diren bi lagunen esperientziak bildu dituzte dinamikaren aurkezpen bideoan.

Nafarroan, Kontseiluaren mahaia eratzen duten eragileek, azken urteotan garatu duten elkarlanaren bidez, euskaraz bizitzeko nahia elikatzea eta norabide horretan urrats praktikoak egitea eragin dutela esan du Kontseiluko idazkariak.

Apirilaren 25ean ekitaldia egingo dute Anaitasunan, baina ez da bakarra izango. Hurrengo hilabeteetan hainbat ekintza egingo dituztela azaldu du Bilbaok. "Ireki dugun bide honen lehen geltokia da aurkezpena, baina honek beste hainbat geltoki izango ditu, Nafarroan euskaraz bizi nahi duen jende asko dagoelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.