INDARKERIA MATXISTA

Hamaika eta hamabi urteko zigor eskaerak Beasain eta Lasarte-Oriako bortxaketez akusaturiko gizonarentzat

Nafarroako Auzitegiak bi urte eta 9 hilabeteko kartzelaldia ezarri dio 58 urteko gizon bati, 9 urteko ilobaz behin eta berriz abusatzeagatik

Beasaingo eta Lasarte-Oriako bortxaketen auziko epaiketaren une bat. JAVIER ETXEZARRETA, FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 16a
18:43
Entzun

Aurretik adierazitako zigor eskaerei eutsi diete fiskaltzak eta akusazio partikularrak, Beasaingo eta Lasarte-Oriako bortxaketen auzian: hamaika eta hamabi urteko kartzelaldia, hurrenez hurren, hainbat emakume bortxatzeaz akusaturiko gizonezkoarentzat. Gipuzkoako Probintzia Auzitegian egiten ari diren epaiketaren azken egunean, absoluzioa eskatu du defentsak. Hala ere, epaimahaiak erruduntzat joko balu, gehienez ere sei urteko zigorra ezar diezaiotela eskatu dute akusatuaren abokatuek, aringarritzat hartuta «droga eta alkoholarekiko mendekotasuna».

Atzoko saioan, auzia ikertzeaz arduratu ziren bi ertzainek deklaratu zuten epailearen aurrean, eta, jakinarazi zutenez, erasoak jasan zituzten lau emakumeri behin baino gehiagotan egin zien eraso gizonak —horietako bati hamar edo hamabi aldiz—. Bortxaketak bideoz grabatu zituen, eta emakumeetako bati bideo bat bidali zion. Ertzainek adierazi zuten, halaber, erasotzailea 2012tik zegoela ikerketapean, baina ezin izan zutela 2019ra arte atxilotu. Beasaingo emakumeak jarritako salaketari esker lotu zuten auzipetuaren DNA gainerako kasuekin. Bi ertzainek deklaratu zutenez, gizona atxilotu zutenean bortxaketa ugariren argazki eta bideoak atzeman zituzten haren ordenagailuan, etxebizitzetan grabatutakoak. Horiek ikusita, poliziek ondorioztatu zuten 2015etik aurrera emakumeak erasotzeko modua aldatu zuela gizonak: hasieran kalean bortxatzen zituen; gero, etxe barnean.

Urtarril akaberako auzi saioan auzipetuak aitortu egin zuen bera izan zela 2019an Beasainen emakume bat bortxatu zuena. Atzo, berriz, Lasarte-Oriako erasoaren auzian auzipetuak adierazi zuen ez zuela gogoratzen 2015eko Urteberri egunean Lasarten egon zenik, ezta 21 urteko emakumeari eraso zionik ere, «alkohola, drogak eta antsietatearen kontrako sendagai ugari» hartu zituelako egun hartan.

Haur baten aurkako sexu eraso jarraitua, Iruñean

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Aretoak bi urte eta 9 hilabeteko espetxealdia ezarri dio 58 urteko gizonezko bati, bere iloba adingabeaz abusatzeagatik. Epaileak frogatutzat jo du sexu erasoak «behin eta berriz» gertatu zirela, bi garaitan: bata, 2012. eta 2013. urteetan, biktimak bederatzi urte zituenean; eta bigarrena, 2016tik aurrera, 13-14 urte zituela. Epaian irakur daitekeenez, akusatuak «familia harremana baliatu zuen» ilobarengana hurbiltzeko eta hartaz abusatzeko, «zaintzaile lanak egiten baitzituen». Haurra lo zegoela ukitzen zuen eta, 2016tik aurrera, autoan eraman izan zuen «paraje apartatuetara, sexu abusuak egiteko».

Epaileak nabarmendu du erasoek «depresioa eta bestelako kalte psikologikoak» eragin zizkiotela adingabeari, eta bi delitu egotzi dizkio akusatuari: 13 urtetik beherako adingabe bati sexu abusuak egitea, eta 16 urtetik beherako batez abusatzea [delitu bera dira, funtsean, baina ez dira era berean zigortzen].

Kartzelara, sanferminetako talde bortxaketaren biktimaren irudiak zabaltzeagatik

Bartzelonako Zigor Epaitegiak atxilotze eta espetxeratze agindua eman du, 2016an Iruñean gertatutako talde bortxaketaren biktimaren irudiak eta datuak argitaratzeaz akusatutako gizonaren kontra. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean azaldu duenez, gaur egitekoa zen haren kontrako epaiketa Bartzelonan, baina akusatua ez da agertu, eta bertan behera gelditu da auzia. Hortaz, fiskaltzak eta akusazioek hala eskatuta, akusatua atxilotzekoa agindu du magistratuak, epaiketa egin bitartean. Defentsako abokatuak ere uko egin dio akusatua defenditzeari. Sekretuak argitaratzea eta integritate moralaren aurkako delituak egozten dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.