Mari Paz Iturbe andereñoa; lehen egoitzako ganbaran egoten ziren enarak; paretan egindako zuloak; jolastoki gisa erabiltzen zuten baratzea; inauterietan jantzitako mozorroak. Horiek dira, oraindik ere, gogoan fresko dituzten oroitzapenetako zenbait. Ez dira bakarrak. Hitz egiten hasi, eta memoriak berehala eraman ditu denboran atzera. Duela 25 urte Sartagudan (Nafarroa) abian jarri zen ikastolako gelara. Gela hartan, duela mende laurden, haiek izan zirelako lehendabiziko ikasleak.
Orduko argazkiei so egin diete, eta irudietan ageri diren umeen aurpegietan bilatu dute beraiena. Bai eta aurkitu ere. Bost ikaslerekin jarri zen martxan ikastola, eta haietako hiruk Sartagudan jarraitzen dute. «Ni bi urterekin hasi nintzen; gazteena nintzen», erran du Beatriz Martinezek. 1985. urtean jaio zen. Urtebete lehenago, gelako kide izan zituen Haritz Gonzalez eta Iker Martinez. Bertze bi ikaslek osatu zuten hasierako taldea: Lara Burgosek (1984) eta Gema Martinezek (1983).
Bostek, haien orduko andereño Mari Paz Iturbek eta ikastolako lehendabiziko presidente Luis Miguel Martinezek omenaldi beroa jasoko dute bihar Sartagudan bertan. Herri osoa Lodosako Ibaialde ikastolaren aldeko bestaren agertoki izanen da, 11:00etatik aurrera. Sartagudako ikastolak bat egin zuen LodosakoMuskariarekin 2000-2001eko ikasturtean, eta bat egite horren ondotik sortu zen Ibaialde. Egoera ekonomiko latza dute egun ikastolako kideek, eta besta antolatu dute biharko, aurrera egin ahal izateko.
Beatriz Martinez, Sartagudako ikastolako ikasle ohi ez ezik, Ibaialdeko ama ere bada. 4 urteko semea du ikastolan. Bere gurasoek hasitako bideari jarraipena eman nahi izan dio. «Nire gurasoek gauza on asko egin dute nire alde, baina onenetako bat izan da, zalantzarik gabe, ni ikastolara bidaltzea».
Haiek egin behar izan zuten ahaleginaz ederki jabetzen da orain. Duela 25 urte bezala, proiektua bultzatzen jarraitu behar dutelako gurasoek, oraindik ere. Indar handiz, gainera. «Lehen ere izan ditugu garai txarrak, baina oraingoa bezain beltza, gutxi».
Ikasle zenean, halako egoeren kezka bere gurasoei zegokien. Beatriz Martinezi eta gainerako ikasleei, berriz, ikastolaz gozatzea. Eta ederki egiten zuten. Iker Martinez lehengusuari so egin, eta ikastolaren lehen egoitzako paretetan egiten zituen zuloez galdetu dio. Oroitzen da Martinez, eta orduko argazkietan zuen bihurri aurpegi bera jarri du. Hala ere, bertze gauza batekin gogoratzen da Martinez, batez ere: «Hainbat egoitza izan genituen, beti ari ginen toki batetik bestera aldatzen, baina, hala eta guztiz ere, eskola egun bakar bat ez genuen galdu!».
Ikastolan hasi zirenean zenbait unetan izan zuen bakardade sentipena etorri zaio burura, berriz, Haritz Gonzalezi: «Ikastolatik atera, eta herriko frontoira joaten ginen atsedenaldian. Eskolako umeak jolastokian ikusten genituen, baloiarekin jolasean, baina guri, hasieran, ez ziguten sartzen uzten. Gu bostok bakarrik egoten ginen frontoian, baztertuta».
«Herrian arraroak ginen; inork ez baitzuen euskaraz egiten», azaldu du Beatriz Martinezek. Oraindik ere, beraiek nahi baino gutxiago egiten da euskaraz herrian, baina nolabait egoera normalizatu dela uste dute Sartagudako ikastolako ikasle ohiek. Biharko besta antolatzeko Sartagudako eta Lodosako udalek emandako laguntza aipatu dute horren adibide gisa.
Haiek ikasle zirenean, gurasoak izan ziren, batez ere, ikastolaren motorra. Haien ahaleginak eman zuen fruiturik, eta ikastolako umeen kopuruak gora egin zuen, pixkanaka-pixkanaka. «Hamabi-hamabost ginen guk bukatu genuenean», gogoratu du Beatriz Martinezek.
12 urte bete zituztenean utzi zuten ikastola. Sartagudako lehen promozioko ikasleen artean, Iker Martinezek bakarrik jarraitu zituen ikasketak Lizarrako ikastolan. «Harat ailegatu, eta ospetsu egin nintzen», erran du, irribarreari ezin eutsiz. «Bakarrik joan nintzenez, inor baino hobeki hartu ninduten!».
Sartagudako ikastolaz ere kexarik ez du. Beatriz Martinezek eta Haritz Gonzalezek ere ez. Ikastolako garaiak aspaldi bukatu ziren haientzat, baina gelan sortu eta garatu zen harremanak segida izan du. «Beti izanen gara ikastolako kideak», nabarmendu du Beatriz Martinezek.
Semearentzat hori bera nahi du. Izan dezala aukera ikastolaz lasai gozatzeko. Baina zaila da hori orain. «Eguberriak gogorrak izan dira, urtarrilean berriz hasteko aukera izanen ote genuen ez baikenuen argi». Eta argi utzi du irakasleen ahaleginari esker ekin diotela berriz ikasturteari. Zenbaitek lau hilabete egin dute jada sosik kobratu gabe. Baina lanean jarraitzen dute.
Duela 25 urteko egoerarekin alderatuta, gauza anitz aldatu dira ikastolan. 73 umek osatzen dute egun. Euskara, jada, ez da orduan bezain arrotz eskualdean. Eremu erdalduneko ikastola bat da, hala ere, Lodosakoa, eta horrek ezartzen dituen mugak gainditzea ez da erraza. «Bideragarritasun plan bat behar dugu, aurrera jarraitu ahal izateko», azpimarratu du Beatriz Martinezek.
Ilundu da ikasle ohiaren aurpegia, baina lehengusuak piztu dio irribarrea. «Argi dago hemen beti egin beharko dela beste inon baino lan gehiago ikastolak aurrera egin dezan, baina eginen dugu», erran dio. «25 urte bete ditu, eta jarraituko du lanean, zalantzarik gabe», gaineratu du Gonzalezek. Ilusioz eta harrotasunez mintzatu dira hirurak. Eta horixe da piztu nahi dutena. Ilusioa. Iker Martinezek laguntza eskatu dio jendeari: «Seme-alabak dituztenak etor daitezela honat lanera. Ikastolak jendea behar baitu».
Hamaika uzta eman du haziak
Bost ikaslerekin abiatu zen Sartagudako ikastola, duela 25 urte; Lodosako Muskariarekin bat egin zuen gero, Ibaialde ikastola sortzeko. Bihar besta egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu