Hauteskundeetan lortu zituen emaitzak ikusirik, ezohiko batzarra egingo du bihar Hamaikabat alderdiak. Alderdiaren etorkizuna zehazteko erabakiak hartuko dituzte bertan.
Beren webgunean jarri duten idatziaren arabera ez dira berriz hauteskundeetara aurkeztuko. “Hegoaldeko lau herrialdeetako hainbat tokitan organizaziorik gabe edo organizazio oso mugatuarekin, hauteskundeetara aurkezteko aukerarik gabe, Hamaikabaten ibilbideari amaiera eman beharra dago, Euskadi mailako ohiko alderdi politiko gisa”.
Alderdia, baina, ez dela disolbatuko jakinarazi dute. “Hamaikabatek alderdiez gaineko langune bilakatzeko borondatea erakusten du, abertzale guztientzat irekia eta abertzaletasunaren eta abertzaleen herrigintzaren inguruan hausnarketa, eztabaida eta proposamena lantzera bideratua”. Gaur egun dituzten kargu publikoei dagokienez, “zenbait erakundetan Hamaikabaten ordezkari diren gizon-emakumeek herritarrekin eta hautatuak izan diren Udalekin duten konpromisoa betetzen jarraituko dute, behinbehingoz Hamaikabat alderdia mantenduz. Hautetsi horien esku geratuko da aldi horretan organizazioa antolatu eta neurriratzea.”