Hamaikabat (H1) alderdiak jakinarazi du urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiaren aldeko botoa eskatuko duela. "Gure ustez, hauteskundeetara aurkeztuko diren proiektu guztietatik Urkullu buru duena da autogobernuan, gizarte kohesioan eta ekonomiaren suspertzean eta normalizazio politikoan aurrera egiteko berme handiena eskaintzen duena. Beraz, Hamaikabatek haren aldeko babesa eskatzen du", esan du H1ek gaur, ohar batean. Nazio Batzarra egin du, Donostian.
"Euskadin lidergo berri bat artikulatu" behar dela uste du H1ek. "Aberriaren ibilbidea askoz hobeto egingo da abertzaletasun historikoa ordezkatzen dutenen eskuetan badago. lbilbide aldaketa hori gauzatzen laguntzeko gure borondatea adierazten dugu", dio oharrak.
2009an, EAren bidearekin ados ez, eta handik atera ziren Iñaki Galdos, Pello Gonzalez eta beste kide batzuk, batez ere Gipuzkoakoak. Alkarbide sortu zuten hasieran, eta ondoren Hamaikabat. "Abertzaletasun instituzionalaren" bat-egitearen alde egin zuen, EAJrekin elkarlanean aritu gura zuen. 2011ko udal eta foru hauteskundeetara Hamaikabat bezala aurkeztu zen; Gipuzkoan 8.662 boto baino ez zituen lortu —Bizkaian ez zen aurkeztu, eta Araban EAJren zerrendetan—, eta, "porrota" aitortuta, 2011ko uztailaren 30ean alderdia desegin zuten, ezohiko batzar batean. Dena dela, dauzkaten udal hautetsiei laguntzeko egitura gisa segitzea erabaki zuen.