Arabako EAJk eta Hamaikabat (H1!) alderdiak lortu dute akordioa Arabarako eta, hala, maiatzaren 22ko hauteskundeetan H1!-eko kideak EAJren zerrendetan aurkeztuko dira, independente moduan. Lehengo astean ekin zieten elkarrizketei, iragarri zutenez.
Bi alderdiotako Arabako presidenteek bihar emango dute hitzarmenaren berri, prentsaurrekoan: Iñaki Gerenabarrena EAJkoak eta Iñaki Beraza Hamaikabatekoak.
EAJk duela hilabete batzuk horixe bera proposatu zion Hamaikabati, hemengo kideak alderdi jeltzaleko zerrendetan sartzeko, baina eskaintza ez zen Arabarako bakarrik, Bizkairako eta Gipuzkoara ere bai —EAJ Nafarroan NaBai 2011 koalizioan aurkeztuko da—. Gipuzkoako H1!-ek baztertu egin du aukera, herrialde horretan besteetan baino indar handiagoa duela iritzita. Iñaki Galdos eta Pello Gonzalez dira Hamaikabateko buru nagusietakoak Gipuzkoan, eta biak legealdi honetan herrialdeko diputatu dira. 2007ko bozetan, baina, EAtik aurkeztu ziren —gero sortu zen H1!—.
Duela lau urteko bozetan Araban gauzak oso estu joan ziren: PPk irabazi zituen, 39.765 botorekin; PSE-EEk 39.596 bildu zituen, EAJk 39.055. EA bere kasa aurkeztu zen: 8.692 boto. Hirugarren geratu arren, EAJk lortu zuen ahaldun nagusi postua —Xabier Agirre—, EAren babesari esker.