François Hollande Frantziako Errepublikako presidenteak argitu zuen atzo lurraldea antolatzeko proposamena: hamalau eskualde "metropolitano" handitan banatu nahi du gobernuak "22 eskualde dira gaur egun".
Hollandek idatzi bat igorri zuen egunkarietara atzo arratsean, proposamenaren berri emanez. Oraindik ez ditu xehetasunak argitu, berez gaur aurkeztuko baititu lurralde antolaketaren xehetasunak. Oraingoz erran duen bakarra da eskualdeek izanen dituztela "finantza bitarteko propio eta dinamikoak". Kontseilu nagusiak desagertzeko asmoarekin jarraitzen du, nolanahi ere. Horretarako Konstituzioa moldatu beharko dela eta "progresiboki" egin beharko dela erantsi du.
Bezperan Hollandek iragarritako neurriak dira gaur Legebiltzarreko eztabaidako protagonista. Proposamenak orotariko erreakzioak eragin ditu. Manuel Valls lehen ministroak nabarmendu du neurriak "nazioaren batasuna eta errepublikaren indarra" bermatuko duela. "Eraginkortasuna irabaziko dugu Estatuak departamentuetan duen parte hartzea handituz".
Ez dira, baina, guztiak iritzi berekoak. UMPko diputatu Xavier Bertrandek txalotu egin du proposamena, baina ezhura egiteko modua. "Frantziako paisaia aldatuko duen erreforma batez ari gara. Hau ezin da Elisoko mahaiko txoko batean erabaki, hitza eman behar diegu hautetsiei". Bide horretan izan da erreferenduma egitea eskatu duenik ere. Horietako bat Claudy Lebreton, Frantziako departamenduen elkargoko presidete sozialista.
Akitaniak bere gain jarraituko du. Poitu Charentes eskualdeko zati bat gehituko ote zioten zurrumurruak izan dira, baina Frantziako Gobernuak ez du Akitaniako eskualdea beste batekin elkartuko. Izan da hori ere begi onez ikusi ez duenik. Hain zuzen, "alderdikeriaz" jokatzea egotzi dio Hollanderi, Dominique Bussereau UMPko diputatuak: "Poitu Charenesek bat egin beharko luke Akitaniarekin. Baina horren ordez nahiago izan dute trikimailu politiko bat egin, eta hiru eskualde elkarri lotu: Segolene Royalen lurrak diren Poitou Charentes, Hollanderen Limousin eta Correze, eta Michel Sapinen Centre".
Idatzian, Bretainia osoa batzeko aukera bazterrera utzi du Hollandek; Bretainiak eta Pays de la Loirek bi eskualdetan zatituta jarraituko dute. Normandia Garaia eta Beherea, aldiz, batu egin ditu eskualde bakar batean. Alsazia eta Lorrena ere batzea proposatu du Frantziako gobernuak, nahiz tokiko herritar zenbait batzearen aurka agertu izan diren. Frantziaren ekialdean, Borgoina eta Franche-Comte eskualdeak ere batzeko proposamena egin du.
Pikardiak, aldiz, jarraituko du bere gain, nahiz eta zurrumurruek zabaldu Normandiarekin bat egiteko aukera aztertzen ari zela Paris. Limousin eta Auvernia bat egitea ere aztertu dute, baina azkenean bereizita jarraitzeko proposamena egin du Hollandek.
Eskualde gutxiago badira, botereak eta bitartekoak handitu eginen dira horietako bakoitzean, Hollanderen iritziz. Frantziaren lurralde antolaketa "zaharkitua" dela, eta "geruza" gehiegi dituela arrazoitu du.
Iparraldeko departamentu eta kantonamenduetan ere izango aldaketarik. 2017ko urtarriletik aurrera kantonamenduak 20.000 biztanletik gorakoak izango dira, egungo 5.000 biztanleen aldean. Idatziak azaltzen duenez, mendi ingurue eta herrri txikien kasua araua egokitu egingo da.
Edozein gisaz, erreforma egiteko denbora beharko dela eta "arnas luzeko" ekimen bat abiatuko duela iragarri du Hollandek. Hautetsiei ere aurkeztuko diete. Baina lehenik ministroen kontseiluak aztertuko du, ekainaren 18an. 2015eko hauteskundeak udazkenera atzeratzea ere aztertuko dute. Bilera horretan hitz egingo dute eskualdeen eskumenez ere.
Manuel Valls Frantziako gobernuburuak apiril hasieran iragarri zuen, kargua hartu eta berehala, Frantziako lurralde antolaketa aldatuko zuela. Departamentu kontseiluak desagerraraziko zituela, eta interes orokorreko eskumenak ezabatu nahi zituela, herri eta hiri elkargoak osatzeko irizpideak aldatzearekin batera. Aitzinatu zuen "bizi eremuak" nahi zituela ezarri antolaketa berriaren irizpide nagusi. Ipar Euskal Herriko eragileek ohartarazia dute interes orokorreko eskumenak galtzeari buruzko arriskuez. Hizkuntza politikarako edo etxebizitza sozialak eraikitzeko, adibidez, erakundeek elkarlanean ezartzen dituzte diru sailak. Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua, adibidez, departamentuaren, eskualdearen eta estatuaren ekarpenekin osatzen da. Hollandek atzo igorri idatzian ez du argitu zer gertatuko den gisa horretako baliabideekin.
Oposizioa ezkerretik
Lau kontseilu nagusitako presidentek gogor kritikatu dute Frantziako Gobernuaren proiektua, laurak ezkerrekoak eta laurak gobernuak kendu nahi dituen kontseiluetakoak: hiru PSkoak "Creuse, Allier, Cher eta Nievreko kontseilariak" eta bat PCFkoa "Allierrrekoa". Eliseoari leporatu diote erabakia bizkor eta aurrez batere eztabaidarik egin gabe hartu izana. Erabakia "eztabaidagarria eta sinplista" dela salatu dute, eta onurak baino gehiago arazoak ekarriko dituela.