Espainiako Poliziak gutxienez hamalau lagun atxilotu ditu gaur Iruñerrian, martxoaren 29ko greba orokorrean desordena publikoak egin izana leporatuta, Ateak Ireki webguneak eguerdian hamahiru atxiloketen berri eman du eta arratsaldeko 19:00etan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzak baieztatu du azkenean hamalau atxilotu izan direla. Zazpi atxilotu adingabeak dira.
Goizeko hamarretan Arrotxapea auzoan hiru lagun atzeman dituzte; haietako bi 14 urtekoak dira. Beste bi lagun Jarauta Iruñeko karrikan eta Muru-Asterainen atxilotu dituztela esan du Ateak Ireki webguneak.
Atxiloketen aurkako mobilizazioak prestatzen ari dira. 17:00etan Tres Reyes Iruñeko hotelean prentsaurreko bat eman dute gertatutakoa salatzeko. 20:00etan batzarrak egingo dituzte Iruñean eta herrietan. Bestalde, bihar 12:00etan eragile sozial eta politikoak Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariarengana joango dira; eta arratsaldean manifestazioa egingo da Errepresioa STOP..Bestelako politika ekonomiko eta soziala orain! lelopean, zazpietan hiriburuko Gaztelu enparantzatik abiatuko da. Deialdiarekin bat egin dute hainbat eragile sozial eta politikok.
Grebaren ondorengo lehen egunetan beste lau pertsona atzeman zituzten gauza bera egotzita: LABeko bi kide eta Lizarrako bi lagun. Eta greba egunetan hamabi lagun atxilotu zituzte. Horrela, 30 izan dira atzemandakoak guztira.