Gizartea

Hamalau urteko neska bat da Meningitis B gaitza dutenen artean larrien dagoena

Iruñerriko beste lau lagun daude ingresatuta. Nafarroako Gobernuak esan du 48 orduetan ez dela kasu berririk sortu.

2008ko abenduaren 23a
11:37
Entzun
Meningitis B gaitzarekin Iruñerrian asteburuan bost lagun eraman dituzte erietxera, eta haien artetik hamalau urteko neska bat dago larrien. Oso larri dago Nafarroako Bideko Ama Birjina Ospitaleko zainketa intentsiboko gunean. Atarrabiakoa (Nafarroa) da neska hura.

80 urteko Arrotxapea Iruñeko auzoko gizon bat eta 47 urteko Burlatako (Nafarroa) emakume bat ere oso larri daude. Halaber, Atarrabiako beste bi neska gazte ingresatu zituzten asteburuan meningitisarekin -16 eta 19ko neskak dira-. 19 neska hori da zaintza intentsiboko gunean ez dagoen bakarra.

Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun sailburuak esan du 48 orduetan ez dela kasu berririk sortu.

Herritarrei "lasaitasuna" transmititzen saiatu da Bideko Ama Birjineko mediku taldea. "Egoera hau erlatiboki arrunta da, berezia duen gauza bakarra 48 ordutan bost kasu gertatu direla izan da".

Nafarroako Ospitaleko medikuen zuzendari Ignacio Yurssek ere lasai egoteko eskatu du. Bide batez, kutsadurak gaixoarekin "oso harreman estua" izanda soilik gertatzen ahal direla azaldu du. Hala eta guztiz ere, ospitalera asteburu honetan eraman dituzten bost gaixo horiek ez zuten senide harremanik elkarren artean. Hori dela eta, Osasunbidean lanean ari dira bost eri horien arteko harremana aurkitzeko. Esan dutenez, baliteke toki zehatz batean meningitis agerraldia sortzea, hiru neska gazteak Atarrabiakoak baitira.

Horrez gainera, Osasunbidean dagoeneko hasi dira antibiotikoak ematen bost gaixoen senide eta lagunei, kutsadura katea saihesteko. B motako meningococoarendako ez da txertorik existitzen, horregatik banatu dituzte antibiotikoak. Atzo arte, 123 pertsonek hartu zituzten botika horiek; horietatik 80, erien senideak dira eta gainontzeko 43ak, aldiz, ikastetxeko eta aisialdi tokietako lagunak.

Concha Goñi Bideko Ama Birjineko zainketa intentsiboko pediatria guneko zuzendariak gaitz horren sintomak gogoratu ditu: buruko mina, sukarra, gorakoa eta garondoa zurruntzea.

Osasunbideak emandako datuen arabera, 2007. urtean Nafarroan 25 meningitis kasu izan ziren, eta asteburu honetako gaixoak kontuan hartuta, beste 26 kasu 2008an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.