Hamar andrek erasoak salatu dituzte Urteberritan

Genero indarkeriagatik hamalau gizon atxilotu ditu Ertzaintzak aurten jadanik; erietxeratu egin dituzte hiru emakume

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Urtea hasi eta bigarren eguna egiterako, hamalau gizon atxilotuak bazituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotuta. Gazteak dira atxilotutako gizon gehienak; tartean daude 19 urteko bi mutil ere. Hamar gizonek emakumeei egin zieten eraso ustez; beste bi bikotekideak edo bikotekide ohiak mehatxatzeagatik atxilotu dituzte, eta beste bi, urruntzeko aginduak hautsi dituztelako. Erasoen ondorioz, hiru emakume erietxera eraman dituzte.

Bilbon egin dituzte atxiloketa gehienak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Bost gizon atzeman dituzte. Igande goizaldean lehena, 04:00etan; kalean oldartu zitzaion bikotekideari, eta andrea erietxera eraman behar izan zuten, zaurituta. 30 urte dauzka ustezko erasotzaileak. 05:15ean beste gizon bat oldartu zitzaion ustez bikotekideari, eta, goizean, 09:00etan, andre bat erietxeratu zuten, gorputz osoa kolpatuta zuela. Bikotekidea, 31 urtekoa, atxilo hartu zuten ertzainek. Beste bi gizon ere atzeman zituzten Bilbon: urruntzeko agindua hautsi zuen batek, eta besteak hiltzeko mehatxua egin zion ustez bikotekideari.

Urtea hasi berritan, hiru gizon atxilotu dituzte Donostian. Kalean eraso zion ustez gizon batek bikotekideari; bular inguruan eta sabelean jo zuen. 24 urte dauzka gizonak. Beste andre bati ere eraso zioten Donostiako kalean;atxilotu egin zuten bikotekidea, 43 urteko gizona. Urruntzeko agindu bat hautsi zuen 26 urteko gizon batek Donostian. Gipuzkoako herrietan beste hiru atxiloketa ere izan dira Urteberritan: Eibarren, kalean eraso zion gizon batek bikotekideari; Andoainen, gizon batek mehatxu egin eta etxetik bidali zituen bikotekidea eta alaba, eta Errenterian umeen aurrean eraso zion gizon batek ustez bikotekideari. 50 urte baino gutxiago dauzkate atxilotutako gizon guztiek.

21 hilabeteko espetxe zigorra

Gipuzkoan urte hasieran atxilotutako sei horiei gehitu beharra dago iragan urtearen azkenean atzemandakoak. Irunen, taberna bateko atarian oldartu zitzaion gizon bat bikotekide ohiari, eta eraso egin zien haren bi laguni ere; Urretxun, urruntzeko agindua hautsi egin zuen gizon batek.

Araban, hiru gizonek egin diete ustez eraso bikotekideei. 29 urteko bikotekideak eragindako zaurien ondorioz, erietxera eraman behar izan zuten andre bat; etxean eraso zion, igande goizaldean, eztabaida baten ondoren. Arratsaldean, 19 urteko gizon batek egin zion eraso bikotekideari. Gasteizen, udaltzainek beste gizon bat atxilotu zuten Urteberri goizaldean, kalean bikotekideari eraso egin ziolakoan.

Bestetik, Oñatiko (Gipuzkoa) gizon bati 21 hilabeteko kartzela zigorra jarri diote, bikotekideari tratu txarrak emateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.