Frantziako Justiziak Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi, Mikel Carrera, Oihan Barandalla, Alaitz Aramendi, Ande Mujika, Luis Ignacio Iruretagoiena, Aitzol Etxaburu eta Itziar Plaza epaituko ditu. 2007an Landetan familia bat bahitu eta horren autoa Castellon (Herrialde Katalanak) atentatu bat egiteko erabiltzea leporatzen diete. Autoa Oropesa herritik kilometro batzura lehertu zen. Atentatu horregatik Mattin Sarasola eta Igor Portu zortzi urteko espetxe zigorra ari dira betetzen Espainian.
Epaiketak lau aste inguru iraun dezake. Gaur Parisen izango dira Xabi Larralde, Maribi Ugarteburu eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak. Frantziak Euskal Herriko gatazkan duen parte hartze zuzena erakusten duela epaiketak, hala dio ezker abertzaleak, eta gogoratu du Aieteko Adierazpenak zuzenean eskatu ziola konponbidean dagokion ardura hartzeko. "Frantziako Estatuak bere burua Euskal Herriko gatazkaren konponketaren aldeko prozesuan inplikatu behar du", esan du joan aurretik ezker abertzaleak.
Aspiazuk, beste bi epaiketa hurrengo asteetan
Aspiazu martxoaren 26an eta 27an berriro epaituko dute, Leire Lopez Zurutuzarekin batera. Apirilaren 2an berriro izango da epaileen aurrean, Capbretonen ETAk 2007ko abenduaren 1ean hil zituen guardia zibilen aurkako atentatuaren harira.