euskal herria

Hamar langiletik bederatzi ari dira greba egiten Bilboko Metroan, langile batzordeak jakinarazi duenez

Istilurik ez da izan goizeko lehen orduetan, eta normaltasunez izaten ari da lan uztea. Zuzendaritzak dio zerbitzuaren %56 ari direla ematen. Azkunak, langileei: ”Bilborekin eta Bizkaiarekin esku zabal jokatzeko aukera galdu dute metroko langileek. Hemendik aurrera ez diegu ezer zor haiei”. Gehiegizkotzat jo zituen atzo EAEko Auzitegi Nagusiak Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzua. Zerbitzuaren erdia izango da gaur eta ordu puntetan arazoak izan litezke, San Tomas eguna eta Athleticen partida direla eta.

2011ko abenduaren 21a
11:29
Entzun

Gaur gauerdian hasi da Bilboko Metroan langile batzordeak gaurko deitu duen greba, eta langile batzordeak jakinarazi duenez langileen %85 eta %90 artean ari dira deialdia jarraitzen, eta zuzendaritzak dio zerbitzuaren %56 dela martxan.

Zerbitzuaren erdia izango da gaur Bilboko Metroan, atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzak herenegun ezarri zuen gutxieneko zerbitzua bertan behera utzi ostean. %60 eta %70eko gutxieneko zerbitzua zen hori, baina Auzitegiak gehiegizkoa zela ebatzi zuen.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak esan du epaileek greberako eskubidea lehenetsi dutela, "garraiorako askatasunaren eta ordena publikoko arazoen gainetik". Ertzaintzak krisi kabinetea sortu du, eta goizetik Bilboko Metroa gertutik jarraitzen ari da. Arazorik ez da izan, ordea, gutxieneko zerbitzuekin.

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, berriz, langileek "Bilborekin eta Bizkaiarekin esku zabal jokatzeko aukera galdu" dutela: "Hemendik aurrera ez diegu ezer zor haiei”.

Okerrena, 14:00etan

San Tomas eguna dela eta, ordu puntetan arazoak espero dira metroan; baita arratsaldean ere Athleticek San Mamesen jokatuko duen Espainiako Kopako partida dela eta. Egoera okerrena, ordea, 14:00etarako espero da. Zuzendaritzak esan du 00:20an zerbitzu berezia eskainiko duela Indautxu eta San Mames artean.

Langileek esan dute ez dietela erabiltzaileei kalterik sortu nahi baina beste biderik ez dutela. Iaztik dira langileak borrokan, eta gaurko greba deialdiaren alde egin zuen atzo iluntzean langileen %98ak. Gainera, urtarrilerako lan uzte gehiago iragarri dituzte: 5ean eta 19an 09:45etik 12:45era, eta 12an eta 26ean 05:45etik 07:45era.

Murrizketek eragin dute egoera. Langileek diote geltoki berriak ari direla zabaltzen eta langile gehiago kontratatu beharrean, errelebo kontratuen bidez ari direla jendea ordezkatzen. Hori aldatzeko akordioa sinatu zuten sindikatuek, baina zuzendaritza ez dela hori betetzen ari salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.