1. Ezkaba mendiko gotorlekua. Ezkabarte, Nafarroa
XIX. mendean eraiki zuten Ezkabako gotorlekua. 1936 eta 1945 bitartean espetxe militarra izan zen gotorlekua; ia 6.000 pertsona izan zituzten preso frankistek. Bost presotik bat hil zen; baldintza lazgarrietan izan zituzten, eta gaixorik hil ziren asko.
1938ko maiatzean presoek antolatutako ihesaldiak egin zuen ezagun Ezkaba; 795 presok ihes egin zuten. Horietatik, hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herriko muga zeharkatzea. Gainerakoak atxilotu edo mendian bertan fusilatu zituzten. Gotorlekuaren ingurua eta kanpoaldea bisita daitezke.
2. Botilen hilerria. Berriobeiti, Nafarroa
Ezkaba mendiaren magal batean dago hilerria. Hasieran inguruko herrietako hilerrietan lurperatu zituzten hildako presoak, baina gero hilerria eraiki zioten presondegiari. Harrizko horma batek inguratuta bost hilobi errenkada daude; 132 preso lurperatu zituzten bertan. Francok aginduta, botila banarekin lurperatu zituzten presoak; haien datuak paper batean sartuta.
3. Intxortako frontea. Elgeta, Gipuzkoa
Intxorta mendiaren magalean izan zen 36ko gerrako fronteetako bat. Zazpi hilabete iraun zituen erresistentziak, 1936ko irailetik 1937ko apirilean tropa frankistak Elgetan sartu ziren arte. Erresistentziaren eta errepresioaren sinboloa da Intxorta, eta biak oroitzeko lanean ari dira herritarrak eta erakundeak.
Herriaren erdigunean dago memoria historikoaren interpretazio zentroa, eta ibilbide tematikoa atondu dute Intxorta mendiaren magalean, frontea egon zen lekuan bertan. Doakoa da ibilbidea egitea, eta bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Gainera, Intxortako borrokaldien antzezpena egiten dute urtero apirilean.
4. Saturrarango kartzela. Mutriku, Gipuzkoa
Mutriku eta Ondarru artean dago Saturrarango hondartza. Faxistek 4.000 emakume inguru izan zituzten preso hondartza alboko bi hotel zaharretan, 1938tik 1944ra arte. Pilatuta eta oso baldintza gogorretan bizi ziren, eta haietako batzuei seme-alabak bahitu zizkieten.
Eraikinak 1987an bota zituzten; harriak eta ur depositu zahar bat baino ez dira gelditzen. Oroigarri bat ezarri zuten preso egon ziren emakume eta haurren omenez.
5. Lorratzen mapa. Otxandio, Bizkaia
Otxandio izan zen Euskal Herrian bonbardatu zuten lehen herria. 1936ko uztailaren 19a zen, eta Andikona plazan bilduta zeuden herritarrak, herriko jai nagusiak ospatzeko. Bandera errepublikarrak zituzten bi hegazkinek zeharkatu zuten zerua, eta arriskurik ez zenaren ustean, beren zereginetan jarraitu zuten. Hegazkinak objetuak botatzen hastean ere lasai segitu zuten otxandioztarrek, panfletoak edo gozokiak zirelakoan.
Hiru kiloko bonbak ziren faxistek bota zituztenak: 75 herritar hil ziren, ia denak haurrak. Otxandioren historiako “egunik tragikoena” oroitzeko, Lorratzen mapa sortu dute, 36ko gerrak herrian izan zituen ondorioak biltzen dituen ibilbidea. Edonork egin dezake, eta doakoa da informazio guztia.
6. Memoriaren Parkea.Sartaguda, Nafarroa
Nafarroako herririk zigortuena izan zen Sartaguda 36ko gerran. Orotara, 86 lagun fusilatu zituzten, herriko populazioaren %8; Alargunen Herria deitu izan zaio horregatik.
Herritarren ekimenez eraiki zen Memoriaren Parkean, Nafarroan hildakoen 3.420 izenak zizelatuak dituen horma dago, eta Joxe Ulibarrena eta Nestor Basterretxearen obra bana.
7. Burdin Hesia. Bizkaia eta Araba
1936an hasi ziren eraikitzen defentsa militarrerako egitura. Bilbo inguruetan bunker, lubaki, metrailadore eta bide mordoa eraiki ziren Euzko Jaurlaritzaren aginduz. Ez zuen luzaro iraun; aste gutxitan lortu zuten faxistek burdin gerrikoa eta Bilbo okupatzea. Porroterako erabakigarria izan zen Goikoetxea ingeniariak sistema osoaren xehetasunak etsaiei pasa izana.
Burdin Hesiaren aztarnak oraindik ere ikus daitezke Bizkaiko eta Arabako zenbait herritan, herritarrek eta elkarteek egindako berreskuratze lanari esker. Berangon (Bizkaia) museo bat dago, Burdin Hesia zer izan zen azaltzeko.
8. Albertia mendia.Legutio, Araba
1936ko urte bukaeran Araba berreskuratzeko saiakera egin zuten errepublikarrek, eta Legutio hartu zuten. Hamar egunez eutsi zioten, baina huts egin zuen Euzko Gudarostearen saiakerak; milaka gudari hil ziren Legutioko gudaldian.
Mendiaren magalean elkartzen dira herritarrak urtero uztailaren lehen igandean, Legutioko gudaldia oroitu eta bertan parte hartu zuten gudariak omentzeko.
9. Gogora, Memoriaren Institutua. Bilbo, Bizkaia
"Euskal Herrian azken urteetan izan diren eskubide urraketen aurrean gogoeta egin eta gogoratzeko" sortu zen Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua. 1936ko gerrari eta frankismoari buruzkoak bildu dituzte besteak beste. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortu zen proiektua, eta Artxibategi Historikoan du egoitza.
10. Gernikako Bakearen Museoa. Gernika, Bizkaia
1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Alemaniako Kondor Legioko hegazkinek. Astelehena zen, azoka eguna, eta jendez gainezka zegoen herria; Euzkadiko Gobernuaren txosten ofizialen arabera, 1.645 lagun hil ziren.
Herriko Bakearen Museoak bonbardaketaren eta 36ko gerraren berri jasotzen du, eta bakeaz hausnartzera bideratu nahi ditu bisitariak.