Sindikatuek azpimarratu dutenez, sekula ez da horrelako jendetza bildu Baionan aldarrikapen sozial bati erantzuna emateko. Laugarren mobilizazio nagusia izan da gaurkoa joan den otsailean Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroak Aukera Berdintasunerako Legea bozkatu gabe, inposatu zuenetik. Baionan jendearen erantzuna historikoa izan da.
2002ko maiatzaren 1ean izan zen gaur arte Baionan izan den manifestaziorik jendetsuena 10.000 lagunez gora elkartu ziren maiatzaren lehenean. Egoera bereziak eragin zuen orduen ere jendetza ikaragarria biltzea. Faxismoaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako pankartak nagusitu ziren ibilaldi guztian. Baita Le Penen kontrako oihuak eta pankartak hauteskunde giro bete-betean. Orduko manifestazioa historikoa izan zen gaurko ere hura bezain beste.
Mobilizazioen eragina
Ipar Euskal Herrian gaurko mobilizazio egunak hainbat arazo eragin ditu zerbitzu publikoetan eta hezkuntzan. Bereziki garraioei dagokienean eragin handia izan du gaurko grebak. Hori dela-eta, tren, autobus eta hegazkin zerbitzuak ez dira ohikoak izan.
Besteak beste, SNCFko trenek zerbitzu murriztua emango dutela iragarrita zegoen protestekin bat egiteko: atzo arratsetik hasi etabiharko 08:00ak arte hiru AHTtik bi ibiliko dira, eta eskualdeko trenetan hirutik bat. Hainbat ikastetxetan ere lanuzteak izatea espero zen eta horrela gertatu da. BAMeko autobusak, berriz, %60ko zerbitzua ematen ari dira, eta Baionako Ospitalean greban daude. Hala ere, osasun zerbitzuak bermatuta daudela agindu du Suprefeturak.
Frantziako Estatuan, oro har, hasi dira gaurko mobilizazio egunaren ondorioak nabaritzen. Hala, 75 hiritako garraiobide publikoak greban dira, trenak zerbitzu murriztua ematen ari dira, eta hegazkinak atzerapenez dabiltza aireportu askotan. Gainera, Baionan bezala beste 135 hiritan manifestazioak egin dituzte ikasle eta sindikatuek.
Dominique de Villepin lehen ministroaren Gobernuaren CPE Lehen Lan Kontratuaren legeak eragin du mobilizazio hori guztia. Ikasle elkarteen eta sindikatuen arabera, gazteen lanaren prekarizazioa eta gazteen ustiapena ekarriko luke lege horrek. Izan ere, 26 urteko gazteei egin ahal zaie kontratu hori, ohikoak baino baldintza aski kaskarragoetan; besteak beste, lehen bi urteetan ugazabak nahi duena egotzi ahal izango du langilea, inolako arrazoirik eman gabe. Villepinen arabera, ordea, gazteen enplegua sustatzeko neurri egokia da.
Lehen Lan Kontratua
Hamar mila lagunetik gora bildu da Baionan CPEren aurkako mobilizazio egun handian
Ikasle elkarteek eta sindikatuek antolatuta CPE Lehen Lan Kontratu legearen aurkako mobilizazio eguna da gaurkoa Frantziako Estatuan; finean, CPEren aurkakoek eta Villepinen Gobernuak indarrak neurtzeko egun handia. Euskal Herrian ere izan du isla: Baionan 10:30etan abiatu den manifestazioan 10.000 lagun baino gehiago izan dira antolatzaileen arabera eta 7.000 lagun inguru Poliziaren esanetan. CFDT, CGT, FSU, CFTC, FO, UNSA eta LAB sindikatuek deituta Baionan inoiz izan den manifestazio handienetakoa izan da gaurkoa. Historikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu