Pobrezia

Hamar nafarretik bat, gizartetik baztertuta edo bazterketa arriskuan

Iazko jardueraren balantzea egin du Pobreziaren Kontrako Nafarroako Sareak. 60.000 herritar daude egoera horretan, 15.000-20.000 inguru inolako baliabiderik gabe.

berria.info
2013ko urtarrilaren 10a
21:13
Entzun

Nafarroako hamar biztanletik bat gizartetik baztertuta edo bazterketa arriskuan dago. 60.000 lagun baino gehiago dira, Pobreziaren Kontrako Nafarroako Sarearen arabera. Pobrezia maila hori duela hamabost edo hogei urtekoaren parekoa da, eta Nafarroako egoera "larria" dela esan du Ubaldo Gonzalez sareko ordezkariak.15.000-20.000 nafarrek ez daukate inolako baliabiderik. Iazko urtearen balantzea egin du elkarteak.

2012a urte gogorra izan da okerren daudenentzat, "gizartetik baztertuta daudenen baldintzak okertu egin dira". Okertu, besteak beste, laguntzak gutxitu, laguntzak lortzeko baldintzak gogortu eta eskubideak murriztu direlako: "Ongizate estatuak atzera egin du. Nafarroan lortu genuen oinarrizko premiak bermatzea, baina 2012an kontrakoa gertatu da, herritar askok gero eta baliabide gutxiago dituzte eta, gainera, ezin dute osasun, hezkuntza edo etxebizitza zerbitzuetara jo".

Pobreziaren Kontrako Nafarroako Sarearen arabera, Nafarroan badaude nahikoa baliabide herritar guztientzat, "baina lehentasunak ezarri behar dira eta hobeto banatu". Horregatik, Pobreziaren Kontrako Nafarroako Sareak nahi du Nafarroak gizarte inklusiorako plan bat edukitzea, "errealitate guztiak islatzeko". Horrez gain, oinarrizko errenta ere berreskuratu nahi du (gaur egungoa gizarteratze errenta da). Iaz 15.822 eskaera aurkeztu zituzten gizarteratze errenta jasotzeko, 2011n baino 633 gehiago (%4).

Nafarroako Gobernuari gezurretan aritzea leporatu dio Pobreziaren Kontrako Nafarroako Sareak, paperik gabeko etorkinen kasuan. "Nafarroako Gobernuak dio larrialdietako zerbitzua doan dela paperik gabeko etorkinentzat, baina erakunde guztiongana iristen ari dira etorkinak ordainagiriekin", salatu du Gonzalezek. Atzera egiteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.