Hamar pertsona hil dira birusagatik Gasteizko zahar etxe batean

Arabako Foru Aldundiak adierazi du barneko adinekoen erdiak daudela kutsatuta, 45 lagun. Bost langilek ere positibo eman dute, eta beste 25 bakartu egin dituzte.

Gasteizko San Martin auzoko Sanitas zahar etxea. RAUL BOGAJO / FOKU
2020ko martxoaren 19a
09:39
Entzun

Gasteizko San Martin auzoko Sanitas zahar etxeko egoerak okerrera egin du egunetik egunera, koronabirusaren hedapena dela eta. Egoiliarren senideek hainbat hedabideri adierazi diete dagoeneko hamar pertsona hil direla han COVID-19 gaitzaren ondorioz. Zahar etxeak 149 plaza ditu, baina 90 adineko daude han; erdiek eman dute positibo koronabirusean. Sanitasek adierazi du «une oro koordinatuta» daudela Arabako Foru Aldundiarekin.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak asteartean eman zuen kutsatutakoen berri, igandean egin baitzieten proba guztiei. Gainera, bost langilek ere hartu dute gaitza, eta 25 daude bakartuta, senideen arabera.

Astelehenean zahar etxeko egoera zein zen jakinarazi zutenetik, barnekoak bi eraikinetan banatu dituzte: kutsatutakoak batean, eta negatibo eman dutenak bestean. Eusko Jaurlaritzak martxoaren 8an dekretatu zuen zahar etxearen berrogeialdia, ordurako 22 lagun baitzeuden kutsaturik. Sanitasek azaldu zuen barneko adinekoak aurreko egunaz geroztik bakartuta zeudela euren geletan, eta langileek eskularruekin, maskarekin eta betaurreko bereziekin egiten zutela lan.

Diputazioak 28 plaza ditu han. Horien artean, zazpi ospitalean ari dira artatzen.

Senideek hedabideei esan diete ezin dutela barrukoekin harremanetan jarri. «Horrelako egoera batean, ezin gaituzte desinformatuta eduki». Sanitasek, ordea, esan du komunikazioa «jarraitua» dela alde guztien artean.

Lehenengo positiboa martxoaren 4an atzeman zuten, eta barneko adineko bakoitza logela batean jarri zuten, nahiz eta bi egun igaro ziren guztiz bakartu zituzten arte.

Gipuzkoan ere, «inkomunikatuta»

Adineko familiartekoak Gipuzkoako zahar etxeetan dituztenak «nahigabetuta» daude osasun larrialdiaren kudeaketarekin. Gipuzkoako Senideak elkarteak «inkomunikazioa» salatu du prentsa ohar batean, ez baitute  senideekin hitz egiteko modurik. «Bakartze egoerak gure senideengan eragin dezakeen bakardade eta frustrazio sentsazioak kezkatzen gaitu», adierazi dute.

Zahar etxeetako langileen «baliabide eskasia» ere salatu du elkarteak: «Protokoloak ez dira behar bezala ezartzen ari, eta, zenbaitetan, langileek ez dute maskararik eskura». Osasun neurri guztiak areagotzeko eskatu diete instituzioei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.