Hamar presok galdu dituzte aurrez aurreko bisitak, miaketa saioengatik

Espainiako preso baten bi senide ere zigortu dituzte, euskal preso baten ama itsuari laguntzen saiatzeagatik

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Etxerat-ek azaldu duenez, hamar euskal presok aurrez aurreko bisitak galdu dituzte azken asteetan, senideek «miaketa umiliagarriak» egiteari uko egin diotelako.

Jaenen, Ana Lizarralde eta Mattin Sarasolaren hurkoek ezin izan zuten presoekin egon irailaren 25ean. Itxialdian dira hango euskal presoak, senideen «miaketa umiliagarriak» amaitzea, patiora bakarrik atera behar ez izatea eta ziegan lanpara edukitzeko aukera izatea eskatzeko.

Ocaña I espetxean, Markel Ormazabalen senideek galdu zuten aurrez aurreko bisita miaketa saioengatik urriaren 2an; hilaren 8an Aratz Gomezenek, eta 9an Juan Karlos Herrandorenarenek.

Huelvan, Agustin del Hierro eta Julen Zelarainen hurkoak geratu ziren bisitarik gabe. 11 hile dira espetxe horretan bisitak normaltasunez egin ezin dituztela.

Curtisen, Naiara Mallabiak galdu zuen aurrez aurrekoa, Puerto Ien Fernando Elejaldek, eta Badajozen Mikel Izpuruak.

Alcala Mecon, Espainiako preso baten bi senideri sei hilabetez hurkoa bisitatzeko debekua ezarri diote. Euskal preso baten ama itsuaren txakurra galdu egin zen kalerako bidean. Espetxezain bat oihuka hasi zitzaion, eta itsuaren defentsan hasi ziren beste senideak. Horregatik zigortu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.