'Egunkaria auzia'

Hamar urte bete dira 'Egunkaria auziko' absoluzio epaia iritsi zenetik

2010eko apirilaren 12an, Espainiako Auzitegi Nazionalak bost auzipetuak zigorrik gabe uztearen aldeko epaia eman zuen. 'Egunkaria'-k zazpi urte baino gehiago zeramatzan itxita.

2020ko apirilaren 12a
18:30
Entzun

2010eko apirilaren 12an, orain hamar urte, iritsi zen Euskaldunon Egunkaria-ren absoluzio epaia. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga zigorrik gabe uztea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, aho batez, deliturik egin ez zutela argudiatuta. Ordurako, Egunkaria-k zazpi urte baino gehiago zeramatzan itxita, eta une horretan kartzelan inor ez bazegoen ere (Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria espetxeratu zituen epaileak atxilotu ostean), behin-behinean ziren aske. Gainera, Euskaldunon Egunkaria ixteko nahiko oinarririk ez zegoela ebatzi zuen.

2003ko otsailaren 20eank itxi zuen Guardia Zibila Euskaldunon Egunkaria Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, eta hamar lagun atxilotu zituzten: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila izan ziren atxilotutakoak. Epaiak (ikusi hemen osorik, gazteleraz), ordea, ETArekin «inolako harremanik» ez zutela idatzi zuen. Akusazioek lana gaizki egin zutela esan zuen epaimahaiak: «Atzekoz aurrera egin dute indukzio prozesua. Lehenbizi, erabaki da zein den ondorioa (...); gero seinale, zantzu eta aztarna bila hasi dira; eta azkenik arbuiatu egin da ondorioarekin bat ez datorren ezein esplikazio».

Hala, euskararekin eta euskal kulturarekin lotura duen guztia «ETAk sustatzen eta kontrolatzen duelako ikuspegia» okerra zela zioen. «Horrek datuak eta gertaerak oker interpretatzea eta inputazioa funtsik gabea izatea ekarri du». Akusazioen abiapuntuaren «ahultasuna» nabarmena dela ere gaineratu zuen, izan ere, ETAk bere helburuak betetzeko pertsona fisikoak erabiltzen dituela esateaz gain, frogatu egin behar baita, akusatuak beren erabakiz aritu zirela erakunde armatuari laguntzen.

Absoluzioa eman eta bi urtera, Europako Giza Eskubideeen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen, Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiaren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu. 24.000 euroko ordainsaria ordaindu beharko dio Otamendiri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.