Komunitate bat dira, etxe bat, familia bat. Loiolaetxeak hamar urte bete ditu. Donostian dago, Ategorrietako bidean. Gizartean bazter utzitako hainbat lagun, jesuitak eta komunitate horren aldeko hautua egin duten zenbait laiko elkarrekin bizi dira bertan. Bereziki, espetxetik irten ondoren gizartean murgiltzeko arazoak dituzten pertsonei laguntzeko dago pentsatuta. Manu Arrue jesuita etxeko burua da egun. Argi du zein den beren lanaren espiritua: «Gure proposamena argia da: 'Atoz gurekin bizitzera, zu guretzat garrantzitsua zara'». Martuteneko (Donostia) espetxera sarri egiten dituzte bisitak, eta hor hasten dituzte presoekin harremanak. Etxean harrera egiten dietenean, iraganari buruz deus gutxi galdetzen diete heldu berriei: «Agian zuhurgabekeria izango da, baina guk ez diegu galdetzen zer delitu egin duten».
Jose Carlos Huerta laikoa da, eta komunitateari estuki lotuta dago, martxan jarri zenetik.«Etxe honek aurrera ateratzeko besteaukera bat eskaintzen du; benetako aukera bat». Urteotan guztietan 300 lagun inguru pasatu dira etxetik. Bakarrik iritsi dira asko. Familian beste zenbait. «Haurrak ere izan ditugu; bedeinkapen bat izan dira etxearentzat», dio Arruek.
Hamabi laguni harrera egiteko tokia dute etxean, eta horren araberako ituna dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Etxeko gainerako bizilagunak jesuitak dira, eta bi pertsona laiko. «Senar-emazteak». Komunitatea osatzen duten beste hainbat lagun ere badituzte inguruan, eta boluntario talde zabal bat.
Loiolaetxean bolada batean bizi ondoren, bazterkerian bizi diren pertsonak berriro gizarterako prestatzea izaten da helburua, eta aurrerago beste era bateko egitasmo batera bideratzen dituzte; Donostiako beste auzo batean kudeatzen dituzten «trantsizio etxeetara». Helburua pertsona bakoitza bere buruaren jabe izatea da. «Behin prest ikusten ditugunean, alde egitera animatzen ditugu: 'Zoaz, borroka egitera'», dio Arruek.Urteotanbizipen ederrak izan dituzte: «Aurrera ateratzen dira etxetik pasatzen direnen %75». Minberak ere bai: «Bidean geratu direnak ere badira. Gizartera itzultzeko ahaleginean aski indar ez du izan zenbaitek».
Gizartean trinko errotutako andre-gizonak, bazterraren bazterrean bizi direnak, gazteak, nagusiak, kristauak, musulmanak, sinestunak, sinesgabeak. Denak batera bizi dira. Kolore asko dituzte Loiolaetxeko bizilagunek. Eta horrek dakartzan onurak argi ditu Arruek: «Ezberdintasuna bizitzeko aukera ematen du. Erakusten du gizarte honek aurrera egin dezakeela pertsona oso ezberdinekin, eta etxe berean bizitzen».
Konfiantzaren indarra
Toñi Martinezek (Donostia, 1960) gauero joan behar izaten du espetxera lotara. Hilabete geratzen zaio hirugarren gradua bukatu, eta preso izateari uzteko. Bidean, lagun du Loiolaetxea. Esker onez mintzo da. «Etxe honek ez du etiketarik jartzen, denontzako lekua du». Hautsita iritsi zela dio. «Zaurituta. Etxe honek zauriak ireki, zaurietan erretzeko alkohola bota, sendatu eta aurrera egiteko aukera ematen du». Argi du zein izan den, bide horretan, arnasarik onena: «Konfiantza, gugan jartzen duten konfiantza».
Bizitza «normal» bat zuela gogoan du. Lana, familia, seme-alabak. Bizitzaren bihurgune zitalek eraman zuten drogara. «48 urte nituela sartu nintzen Martutenen». Astiro, galdutakoa berreskuratzen ari da. «Etxe honek aukera bat eman dit, eta gogoz heldu diot». Irmo doa bidean. «Ibiltzen jarraituko dut; merezi dut zoriontsu izatea».
Hamar urte bete ditu Loiolaetxeak, ahaztuen abaroak
Gizartean bazter utziek, laikoek eta jesuitek osatzen dute komunitatea; preso ohi askoren sostengua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu