[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=BvTYuZCjqM4[/youtube]
"Legez kanpoko erakunde baten legez kanpoko ekitaldia, legez kanpoko bozeramaile batekin". Halaxe aurkeztu zuen Arnaldo Otegik Donostiako Anoetako belodromoan 2004ko azaroaren 14an egindako ekitaldia. Bera zen legez kanpoko bozeramaile hura, eta Batasuna zen ordezkatzen zuen legez kanpoko erakundea. Ilegalizazioaren garaia zen, eta ETAk biktimak eragindako atentatuak egin gabe hiru urte bazeramatzan ere, etengabeak ziren erakunde armatuaren eta ezker abertzaleko erakundeen aurkako polizia operazioak. Lizarra-Garazitik sortutako su-etena apurtu eta gero, blokeatuta zegoen berriro gatazka. Hura gainditzeko helburuz, proposamena egin zuen Batasunak Anoetako ekitaldi jendetsu batean. Atzo bete ziren ordutik hamar urte.
Yasser Arafat Palestinako Aginte Nazionaleko burua hila zen hiru egun lehenago, eta hari keinu egin zion Otegik, milaka entzuleren aurrean: "Duela 30 urte gizon hark Nazio Batuen aurrean egin zuen moduan, gaur, ezker abertzalea olibondo adaxka bat eskuan duela aurkezten da estatuen, bere herriaren eta nazioarteko komunitatearen aurrean. Inork ez dezala adaxka hau erortzen utz". Adaxka, hain zuzen ere, ekitaldi hartan egindako proposamena zen. "Gatazka politiko eta armatua kaletik atera eta negoziazio mahaira eramateko" proposamena.
Horretarako, negoziazio eskema berria plazaratu zuen Batasunak Otegiren ahotan. Elkarrizketa bi esparrutan garatzeko proposamena egin zuen. Batak Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalak elkartuko lituzke, "estatu guztien errespetuan oinarritutako estatus berrirako ibilbidea" adosteko. Bestean, Espainiako zein Frantziako Estatuak eta ETA erakundea batuko lirateke, "soilki desmilitarizazioa eta gatazkaren ondorioei buruzko akordioa" lortzeko, "presoena, errefuxiatuena eta biktima guztiena".
Elkarrizketarako beharra aldarrikatu zuen ezker abertzaleak, baina Otegik adierazi zuen ez zutela aldarrikapen hutsean geratu nahi. Hala, Batasunak hainbat konpromiso "garbi" hartu zituela nabarmendu zuen. Horien artean zeuden konpromiso demokratikoa —"Batasunak onartzen du herriak erabakiko duena"—, aniztasunarekikoa —"onartzen dugu Euskal Herria aniztuna dela eta sentsibilitate guztien adostasuna behar dela—, "ezberdintasunak era baketsu eta demokratikoan gainditzeko" konpromisoa eta azkeneko akordioak "giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak" islatzeko nahia.
"Momentu historikotzat" hartu zuen Otegik berak ekitaldia, eta elkarrizketarako eskua luzatu zuen, ezker abertzalearen "jarrera irekia" behin baino gehiagotan nabarmenduz. "Bakea egitea gerra egitea baino askoz ere zailagoa" zela ere esan zuen, eta jarraitzaileak ohartarazi zituen bake prozesu batek "kontzesioak" ekarriko lituzkeela. Baina "momentuaren altuerara" egoteko beharra nabarmendu zuen.
Gerora jakin zen ordurako Jesus Egigurenen PSE-EEko presidentearekin hizketan ari zela Otegi, Elgoibarko Txilarre baserrian. Hortik abiatu zen Loiolako prozesua, 2006ko udazkenean mahaiaren bueltan ezker abertzaleko, EAJko eta PSE-EEko ordezkariak bildu zituena. Aldi berean, ETArekin negoziatzen ari zen Espainiako Gobernua, Rodriguez Zapatero presidenteak Diputatuen Kongresuari horretarako baimena behin eskatuta. Negoziaziorako bi esparruen eskema hura, Anoetan proposatutakoa, onartua eta praktikara eramana zen.