Hezkuntza

Hamar urtean hezkuntzan sortu behar ziren lanpostuen %7,4 soilik sortu ditu Jaurlaritzak, ELAren arabera

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ikastetxeetan matrikulazioak gora egin du azken hamabost urteetan; ez, ordea, ikasgela zein lanpostuen kopuruak. ELA sindikatuak osaturiko txostenaren arabera, legez kanpoko ratioak ditu ikastetxeen %17,61ak.

jarraia159056.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo
2018ko azaroaren 8a
17:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak krisia "aitzakia" gisa erabili du murrizketak aplikatzeko. Hala azaldu du ELA sindikatuak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza publikoaren inguruan osatu duen txostenaren aurkezpenean. Haur eta lehen hezkuntzakoak dira datuak, eta 2009tik hona, ratioak %9,1 egin du gora. Behar horri aurre egiteko, 2.388 lanpostu sortu behar zirela kalkulatu sindikatuak, baina 176 sortu dira soilik. Hau da, beharraren %7,4 estali du soilik Jaurlaritzak. Horregatik, gobernuaren borondate politiko falta salatu du sindikatuak.

Miren Aranburu ELA Irakaskuntzako ordezkariak azaldu du murrizketak "deskapitalizazio politikaren" ondorio direla. 2009an BPGaren %4,3 bideratzen zen hezkuntzara, eta aurten %3,5. Hau da, denbora tarte horretan 1,2 puntu murriztu da hezkuntzak aberastasunean duen eragina. 2009ko zenbatekoari eutsiko balitzaio, 596 milioi gehiago inbertitu beharko lirateke, sindikatuaren arabera. Alderaketa egin du zor publikoaren bilakaerarekin; 2009tik, 10,1 puntu hazi delako zorra estaltzera bideratutako zenbatekoa.

Txostenean jasotzen denez, "ratioen muturreko politika" aplikatzen ari da Jaurlaritza. Gehieneko ratioa 25 ikaslekoa da, eta, gutxienekoa ezarrita ez dagoen arren, 11koa erabiltzen du Jaurlaritzak. Hala ere, gehienekoa gainditzeko salbuespenak gehitu dituzte: ikaslea errepikatzailea izatea, edo berandu matrikulatu izana. Horrela, ikasgela batzuetan 28 ikasle dituzte. Zenbaketa egin du sindikatuak, eta, haren esanetan, salbuespen horiek legez kanpo erabiltzen dituzte ikastetxeen %17,6an.

Bestalde, Mikel Elizondo ELA Irakaskuntzako kideak azaldu du lanpostuekin ere arazoak dituztela: "Matrikulazioa handitzean, ikasle taldea handitzen da nahitaez; ez, ordea, langile kopurua. Matrikulazioa eta langile kopuruaren arteko harremana ratioak sortzen du, eta ratioa ez da zenbaki bat, tarte bat baizik. Horrela, ikasleak geletan pilatzen dituzte, irakasle eta ikasgela kopurua handitu beharrean".

Egoera horren aurrean, ELAk mobilizaziorako deialdia luzatu die irakaskuntzako profesionalei eta proposamen zehatza egin du: ratioak jaistea, beharrezkoak diren ikasle taldeak eta lanpostuak sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.