Partaide sareko ikastolek kontzertazioen mapa berriro negoziatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, euren zentroen eskaintza «muturreraino» heldu delako hainbat kasutan. Sei edo zazpi kontzertazio lerro gehiago beharko lituzkete, bukatu berri den matrikulazio kanpainan jaso dituzten eskaerei erantzuteko. Gipuzkoan, batez ere, kanpoan geratu baitira hainbat ume, eurentzako lekurik ez zeukatelako.
Nafarroan ere gainezka daude ikastolak eta Iruñerrian Administrazioak baimendutakoa baino 78 ume gehiagok izena eman bazuten ere, horiek guztiak kanpoan utzi behar izan dituzte. Datozen urteetan goranzko joerari eutsiz gero, hiriburuan ikastola berri bat irekitzeko aukera aztertuko dute Ikastolen Elkartekoek.Koldo Tellitu Partaide-Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariakjakinarazi zituzten atzo aurrematrikulazioaren gaineko datuak, Bilbon: datorren ikasturterako azken hamar urteetako haur kopuru handiena matrikulatu dute Partaideko eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko zentroetan. Guztira 2.934 dira. Aurten, berriz, 2.747 haur ari dira bertako ikastoletan ikasten. Beraz, %6,8 igo da izena eman duten haurren kopurua.Datua esanguratsua da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herrialdeetako ikastolentzat, 1993. urtean EAEn Euskal Eskola Publikoaren Legea indarrean sartu zelako, eta ordutik hona izan den bilakaera ikusteko aukera ematen dielako: urterik urte igo egin da eurekin ikasi nahi dutenen kopurua.Nafarroa izan da aurrematrikulazioan igoerarik nabarmenena izan duen herrialdea: 519 umek eman dute izena aurten, iaz baino %10,23 gehiagok. Mariñelarenak bezperan Iruñean nabarmendutakoa berretsi zuen atzo, datuak «arrakastatsuak» ez ezik, «historikoak» ere izan direla, alegia.Gipuzkoa da, hazkundeari dagokionez, segidan datorren herrialdea. Bertan 1.375 haurrek eman dute izena Partaideko ikastoletan, iaz baino %8 gehiagok. Jarraian, Bizkaia dator: 866 umek eman baitute izena, aurrekoan baino %3,4 gehiagok.Araba izan da salbuespena, aitortu zutenez, herrialdean «beherakada xumea» izan baita. Aurrematrikulazioak behera egin du %3,33. Ez daude, dena den, kezkatuta, iaztik sei ikasle besterik ez baitituzte galdu.Koldo Tellituren berbetan datuok argi erakusten dute «herritarrek aintzat hartzen dutela ikastoletan eskaintzen den hezkuntza kalitatea». Datuak datu,Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari «herritarrek guregan duten uste osoari erantzun egokia emateko» eskatu zien.
Urkijo, «barregarri»
Agerraldian, gainera, azken boladan izan diren hainbat gertakari ere aztertu zituzten. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Euskal Herriaren inguruan sortutako ika-mika «barregarria» dela uste dute ikastoletako ordezkariek. Aurkezpenean Urkijoren alderdikide Carlos Iturgaitzek berak 1993an Argia astekariari egindako adierazpenak erakutsi zituzten. Iturgaitzek orduan adierazi zuenez, «euskotarrok pentsatzen dugu Euskal Herria zazpi probintziez osatuta dagoela».
Partaide sareko ikastoletakoek, bestalde, «itxaropentsu» hartu dute Espainiako Gobernuan laster izango den aldaketa, horrek «hezkuntza alorrean ere aldaketa baikorrak sartuko» dituela uste baitute. LOCE legeari dagokionez, esate baterako, Zapaterok zuzenduko duen gobernuak legea «dagokion lekuan» ipintzea espero dute, «pikutara» bidaliko duela, alegia. PSOEk hezkuntza alorrean egindako barne txostenak ere ezagutzen dituzte eta, beraz, gizarte ekimenak sortutako ikastetxeak publikotzat hartzeko alderdi horrek egindako gogoeta lege bihurtzeko eskatuko diote.
HEZKUNTZA
Hamar urteko aurrematrikulazio kopuru handiena dute ikastolek
Partaideko ikastetxeek kontzertazioen mapa berriro negoziatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, euren eskaintza «muturreraino» heldu delako zentro askotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu