Donostiako Adingabeen Auzitegiak A.E.-ri (Azpeitia, 18 urte) adingabeentzako egoitza batean hamar urtean egoteko zigorra jarri dio, Amaia Azkue hil zuela leporatuta. Aldi horretan zigortuak jarrera txarra badu, kartzela batean sartuko dute. Hamar urteen ondoren, gazteak beste bost urte zaintzapeko askatasunean pasatuko ditu, bost urte horietan ezingo du Orio, Getaria eta Zarautzera joan, eta lehen bi urteetan Azkue sendiarengana ezingo da gerturatu eta harekin ezingo da komunikatu.
Epaileak ebazpena arratsaldeko lehen orduan jakinarazi die auziko alde guztiei.
Martxoaren 12tik 20ra izan zen epaiketa —jendearentzat eta hedabideentzat ateak itxita—, eta 50 lekuko eta 30 peritu inguru igaro ziren epailearen aurretik.
Joan den urteko martxoaren 16an aurkitu zuten hilik Azkue (Orio, 39 urte), Azpeitian, Ibai Eder urtegian, indarkeria arrastoekin: buruan zeuzkan kolpeak, harri batekin eginak, eta autopsiak baieztatu zuen kolpe horien ondorioz zendu zela. Lotuta zeuzkan eskuak eta hankak.
Ikerketa hasi zuen Ertzaintzak, eta susmagarrien artean sartu zuen akusatua. Deklaratzera deitu zuten polizia etxera, eta gazteak, ondoren, bere kabuz fiskalarenera joanda aitortu zuen hilketa. Iazko abuztuaren 17a zen, eta A.E.-k 17 urte zeuzkan. Atxilotu egin zuten, eta adingabeentzako egoitza batean daukate orduz geroztik, Zumarragan.
Epaiketako lehen saioan ukatu egin zuen berak hil zuela. Hain zuzen, duela hilabete eta erdi aldatu zuen bertsioa, berriro bere kabuz fiskalarengana joanda. Zioen beste pertsona batek hil zuela Azkue. Ez zuen ukatu hilketa lekuan egon zela —hori baieztatzen duten frogak badaude—, baina esan zuen pertsona horrek mehatxatu egin zuela, horregatik ez zuela salatu. Ez zuen zehaztu nor zen pertsona hori, deskribapen orokor bat eman zuen soilik. Epaiketan bertsio horri berari eutsi zion gazteak. Adierazi zuen ez zuela Azkue hil, beste pertsona batek hil zuela. Baieztatu zuen autostopean hartu zutela Zarautzen, emakumearen autoan; akusatuaren esanetan, ordea, ordurako hiltzailea zihoan autoan, eta hark behartuta joan zen Ibai-Eder urtegira.
Adingabe bati ezar diezaioketen gehienezko zigorra da hamar urteko espetxea. Fiskaltzak eta familiaren abokatu Miguel Castellsek horrenbeste urteko kartzela zigorra eskatu zuten epaiketan.
Epaileak gazteari lapurreta delitua ere egotzi dio.
Parteek Gipuzkoako Auzitegian helegitea jartzeko aukera izango dute.