Hamarretik

BIZKAIA ð Hasieran hamar diputatu aukeratzen ziren, gerora bederatzi eta aurten, lehenengoz, zortzi eserleku baino ez dira banatuko.

IÑAKI MURUA URIA
2008ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bizkaiko hauteskundeetan bada beti bete den lege bat: lehenengo indarra beti bera da. Euzko Alderdi Jeltzalea. Autonomia hauteskundeetan bete da, foru hauteskundeetan ere bai, eta Espainiako Gorteetarako bozetan ere bai. Hirutan -1982an, 1986an eta 1993an- diputatu kopuruan berdindu egin du PSErekin -PSE-PSOE lehen, PSE-EE orain-, baina bototan jeltzaleak beti izan dira garaile. Gehienez lau diputatu lortu izan ditu, eta gutxienez, hiru.

Bigarren indarrak ere jabea du Bizkaian, Espainiako Gorteetarako bozei dagokionez behintzat, salbuespen bakarrarekin: 2000. urtean, Jose Maria Aznarrek gehiengo osoa lortu zuenean, PPk sozialistek baino boz gehiago lortu zituzten Bizkaian. Beste zortzi hauteskundeetan, PSE beti bigarren.

Hirugarren postuan gorabehera gehiago izan da Espainiako Kongresurako hauteskundeen historian: UCD trantsizioko bi hauteskundeetan, Herri Batasuna 1980ko hamarkadan eta PP 1990eko hamarkadatik aurrera.

2000. urtetik aurrera, ezker abertzalea jarlekuen lehiatik kanpo dagoelarik, hiru alderdiren kontua izan da diputatuen banaketa: EAJ, PSE-EE eta PP. Eta hala izango da datorren igandean ere, Ezker Batuak hiru alderdi handiei ustekabea ematen ez badie behintzat. Ezetz diote inkestek.

Aurten, gainera, txikiagoa da banatu beharreko pastela: bederatzi diputatu beharrean, zortzi baino ez ditu Bizkaiak, erroldatuen kopurua proportzioan txikitu egin delako. 1989 arte hamar jarleku zituen Bizkaiak Espainiako Kongresuan, 1993tik bederatzi, eta aurten zortzi.

Diputatu akta bat gutxiagoarekin, ordezkaritzari eustea izango dute helburu EAJk, PSE-EEk eta PPk, duela lau urte baino jarleku gehiago lortzea ezinezkotzat baitute hirurek. Duela lau urteko emaitzekin, PSE-EEk galduko luke diputatua, baina botogutxigatik ez zuketen galduko EAJk laugarrena edo PPk bigarrena. Iaz foru hauteskundeetan izandako emaitzak errepikatuko balira, aldiz, PPk galduko luke bigarrena, eta aspaldiko partez bakarrarekin geldituko litzateke-1993tik ez du inoiz bi baino gutxiago lortu-.

Duela lau urte diputatua lortzeko atarian gelditu zen Javier Madrazoren alderdia: 59.500 boto lortu zituen, eta beste bi mila pasatxorekin jarlekua lortuko zukeen. Duela lau urte bederatzi beharrean zortzi jarleku baino ez balira banatu, ordea, lortutakoak baino 5.500 boto gutxiago beharko zituzkeen, ordezkaritza lortzeko. Behin baino ez du lortu diputatua Bizkaian Ezker Batuak, 1996an.

Iazko foru hauteskundeetan EAE-ANVk lortutako boto baliogabeak ere kontuan hartuz gero, PSE-EEk hirugarrena galduko luke, ezker abertzaleak jarleku bat lortuko luke eta. Ezker abertzaleak beti lortu du ordezkaritza Bizkaian, HB lehenengoz 1979an aurkeztu zenetik 1996an azkenengoz aurkeztu zen arte: urte onenetan bi diputatu, etaokerrenetan, bat.

Datorren igandean, ordea, abstentzioarekin neurtu beharko da HBren oinordekoen eragina. 1996an, %27,5ekoa izan zen abstentzioa, EHk abstentzioa bultzatu zuen urtean (2000) %33koa izan zen, eta duela lau urte %24koa.

EAri eta Aralarri dagokionez, nekez sartu dira diputatuen lehian. EAk alderdi sortu berria zenean behin lortu zuen diputatu bat Bizkaian -Joseba Azkarraga, 1989an-, baina gaur egun eserlekua lortzeko behar den boto kopurutik oso behera dabil Bizkaian, eta are beherago Aralar.



SEI IZEN, SEGURU. Espainiako Kongresuan Bizkaiko ordezkarietako sei nortzuk izango dira aurreikus daiteke, honenbestez, okertzeko arrisku handirik gabe: EAJko Josu Erkoreka, Aitor Esteban eta Pedro Azpiazu; PSE-EEko Eduardo Madina eta Arantza Mendizabal; eta PPko Ignacio Astarloa, seiak ere gaur egun diputatu. Beste bi aktak eskuratzeko lehian beste lau hauek izango dira, ustekabe handirik ez bada: EAJko Ruth Martinez, PSE-EEko Txiki Benegas, PPko Marisa Arrue, eta EB-IUko Jon Sustatxa.

Benegasek aulkia ez lortzea albiste handi samarra litzateke, ez PSE-EEk hirugarrena ez lortzea harrigarria litzatekeelako, baizik eta Gorte hauek eratu zirenetik, 1977tik, diputatu izan delako beti, 1986tik 1989rako legealdiaren salbuespenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.