GARRAIOAK

Hamasei greba egun antolatu dituzte urrirako Bizkaibusen

Sindikatuen arabera, langile guztiek bat egin dute gaurko deialdiarekin. Manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Ohartarazi dute 300 langile baino gehiago "kinka larrian" daudela.

Bizkaibuseko autobus bat. L. J., ARP
2013ko irailaren 26a
15:49
Entzun

Gaurko greba arrakastatsua izaten ari dela nabarmendu dute Bizkaibuseko sindikatuek, eta protestak gogortzea jarri dute mahai gainean. Urrirako hamasei greba egun proposatu dituzte, datorren astean bertan hasita. Egun osoko lanuzteak izango dira. Pixkana joango dira gogortzen: bi egun izango dira datorren astean —1 eta 3—; hurrengoan, hiru —8, 9 eta 10—; hurrenagokoan, lau —14, 15, 16 eta 17—; eta azkenekoan, aste osoa —21etik 27ra—.

Ibilbideak moldatzeko plana du esku artean Bizkaiko Diputazioak; kendu egingo dituzte linea batzuk. Hori ikusirik, langileen kopuruari eta baldintzei eutsiko dietela bermatzeko eskatu diote sindikatuek aldundiari, eta agiri baten bidez egin dezala hori, modu ofizialean. Ohartarazi dute gaur egungo proiektuarekin 300 langile baino gehiago daudela "kinka larrian".

Manifestazioa egin dute eguerdian Bilboko kaleetan. Sindikatuen arabera, langile guztiek babestu dute greba —1.400 behargin inguruk—, eta soilik gutxieneko zerbitzuetako beharginak ari dira beharrean. %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Jaurlaritzak. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, atzerapenak izan dira zerbitzu ugaritan, piketeek hainbat autobusi gurpilak zulatu dizkietela eta. Herenegun lanuztea egin zuten, eta erantzun handia izan zuen, sindikatuen arabera.

Diputazioarekin negoziatzen segitzeko asmoa dute. Bihar bertan dira biltzekoak berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.