Nafarroako Lurralde Auzitegiak hamasei urteko kartzela zigorra jarri die bi laguni, 2010ean Tuteran Javier Martinez Llort hil zutela egotzita. Khaled Houcine (22 urte) eta Abdelkader Guelta (36) dira zigortuak. Horretaz gain, bi haiei eta beste bati (Mourad Kamla, 25 urte) lau urteko espetxea jarri die, indarkeria bidez lapurreta egin zutela argudiatuta. Hirurei 310.000 euroko kalte-ordaina ezarri die, halaber. Defentsak helegitea sartzeko aukera du.
Fiskalak epaiketan aurkeztutako txostenaren arabera, hiru auzipetuek Martinez Llorti dirua eskatu zioten eta, ez zienez eman nahi izan, egur batekin eraso egin zioten. Gero, sakelako telefonoa lapurtu zioten. Lagunekin gauean ibili ostean, pasealeku batean hilzorian aurkitu zuten, jipoituta, eta aurki hil zen. 32 urte zituen. Hiru lagun atxilotu zituzten jazoerarekin lotura egotzita.
2010eko apirilaren 11n izan zen hilketa. Tuterako Udala akusazio partikular moduan aurkeztu da auzian.