'Cabacas auzia'

"Hara joan ginen Ugartekok agindu zigulako guztiarekin sartzeko"

Zazpigarren saioa egin dute Iñigo Cabacasen heriotzaren auziko epaiketan. Ertzainek deklaratu dute, lekuko gisa. Gotzon Hersmosilla kazetaria zuzenean aritu da kontatzen.

Cabacas auziko epaiketako aretoa, gaur. GOTZON HERMOSILLA.
2018ko urriaren 26a
07:52
Entzun

Orain arteko estrategia berari heldu diote lekuko gisa deklaratzen ari diren ertzainek: 3389 agentea jo du arduradun nagusitzat, lekuan bertan zegoen ofizial bat. Bera da akusatuen artean kargu gorena zeukana; izan ere, Ugarteko esaten dioten ertzainburuak lekuko gisa deklaratu zuen.

Sei ertzain daude auzipetuta, eta, aurreko saioetan bezala, akusatuen artetik 3389 zenbakidun ofiziala bakarrik aurkeztu da auzi saiora. Gaur, 11 ertzain ziren deklaratzekoak, baina akusazioak uko egin 7112 eta 8525 agenteei deklarazioa hartzeari, beharrezkoa ez zelakoan.

Horra gainerakoen deklarazioak:

-8410 agentea

Bera hasi da deklaratzen. 12. furgonetan zihoan, eta 3389 ofiziala zen furgoneta horren arduradun. Lekukoak dioenez, ofizialak furgonetaren ondoan lerro bat osatzeko agindu zien. Ertzain etxera itzulitakoan armategiaren arduradunari esan ohi zioten eskopeta erabili ote zuten, garbi zitzan.

-9418 agentea

Hau ere 12. furgonetan zihoan. "3389 nire furgonetaren arduraduna zen, baina, ofiziala zenez, pentsatzen dut, maila goragoko agintaririk ezean, bera zela hango arduradun nagusia", deklaratu du. Ofizialak furgonetan gelditzeko esan zien, baina jaisteko agindu zien Ugartekoren mezua entzun ondoren.

-10538 agentea

F1 furgonetan zihoan. San Frantzisko inguruan zegoen, eta Maria Diaz de Harora joateko esan zieten. Irratian elkarrizketa bat entzun zuten, ustez bi arduradunen artekoa: "Leku hau ez zait gustatzen, ni banoa", zioen batek. "Ni ere bai", besteak. Abokatuaren galderei erantzunez, argitu du irratian entzundako bi ahots horietatik bat 3389 ofizialarena zela.

Kalezulora iritsi zirenean, han ez zegoen istilurik. Aurrerago aparkatu zuten, Poza kalean. Han, gauzak bota zizkieten, eta pertsona bat atxilotu zuten. Furgonetatik jaitsi eta hesi bat osatu zuten. Hasieran ez zuen tirorik entzun, gero bai, "asko". Gero, haien arduradunak agindu zien pilotarik gabe tiro egiteko, eta hala egin zutela esan du ertzainak.

Amaieran, Jone Goirizelaia abokatuak oharra egin du: ertzainak elkarrekin etortzen dira, hitz egiten dute, eta batek aitortu du deklarazioa prestatu zutela

-9546 agentea

6. furgonetako gidaria zen. Kalezuloaren aurretik igaro zenean, "jende asko" ikusi zuten, baina istilurik ez. Poza kalerantz joan ziren. Han bai, gauzak bota zizkietela dio. Anbulantzia bat ateratzen ikusi zuten, baina pentsatu zuten hasieran aipatu zieten zaurituarentzat zela.

-F98C2 agentea

Ertzain hau 13 urtez aritu zen Zabalburuko ertzain etxean, harreran, eta Cabacasen hilketa baino urtebete lehenago ekin zion kaleko lanari. 35 urteko lan ibilbidean, pilotak birritan baino ez dituela bota esan du.

12. furgonetan zihoan, 3389 ofizialaren aginduetara. "Hara joan ginen Ugartekok agindu zigulako hara joateko eta guztiarekin sartzeko", esan du. "'Guztiarekin sartzeko' entzun zenuenean, zuk zer ulertu zenuen?", galdetu dio akusazioaren abokatuak. Lekukoa: "Istiluen kontrako materialarekin sartzeko".

-8101 agentea

12. furgonetan zihoan. Ikusi zituen lankideak tiro egiten, baina "pilotarik gabe eta gora begira". Oso irmo esan du, erronka tonuan. Irudiak ikusi ondoren (tiroak entzuten dira), zehaztu du "uste" duela pilotarik gabeko tiroak zirela: "Ia beti egiten dugu tiro pilotarik gabe, lasterka zoazela oso zaila delako eskopeta kargatzea".

-9181 agentea

14. furgonetan zihoan. Haren furgonetako arduraduna akusatuetako bat da, Kepa izeneko ofizialordea. Lekukoak ezkutua zeraman, eskopeta zuen beste ertzain bat babesteko —akusatuetako bat da—.

Esan du bi lankide ikusi zituela tiro egiten, Edu eta Iñaki izenekoak, baina pilotarik gabe. "Baina horietako batek aitortu du pilotak bota zituela", esan dio abokatuak. "Ah, orduan ez dakit", erantzun du lekukoak. Cabacas ikusi zuen lurrean, eta harantz egin zuen. Gero, anbulantzia eskatu zuen.

-11302 agentea

Lekuko honek tiroak entzun zituen, baina ez zuen ikusi eskopeta zeraman ertzainik, furgoneten artean gelditu zelako.

-8085 agentea

Ez zen gau hartan han egon, baina txosten polizialaren egilea da. Eman dituen erantzunengatik, ondoriozta daiteke lehenbizi "istiluengatik" abiarazi zutela polizia ikerketa, eta geroago atxiki ziotela horri Cabacasen hilketari buruzkoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.