Bide Ertzean taldearen abestiak lagun, hainbat belaunalditako biktimen senideak igo ziren agertokira, haritz adaxka lekuko, eskutik eskura zabalduz. Kandido Sasetaren, Estepan Urkiagaren eta ANVko gudarien senideak igo ziren aurrena. Orduan entzun ziren pilotalekuko aurreneko oihuak ere: «Jo eta ke, irabazi arte!». Txalo zaparrada jaso, eta beren tokietara itzuli zirenean, 36ko gerrako desagertuen omenez Bide Ertzean-ek kaleratu zuen diskoko kantu bat abestu zuen Imanol Ubedak.
Frankismoan hainbat ideologiatako pertsonek egindako borroka goraipatu zuten gero; horren erakusle, fusilatuta hildako Jesus Larrañaga komunistaren, torturen ondorioz hil zen Txomin Letamendia jelkidearen, bonba bat esku artean lehertuta hil ziren Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi EGIko kideen eta PCIko Roberto Perez Jauregiren familiakoak igo ziren gero. «Agur eta ohore, eusko gudariak!» oihu artean.
Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegiren senitartekoak izan ziren azkenak. Haiek ere adaxka bana eskuan egin zuten eserlekuetarako buelta, emozioak jota Txikiren amak. Haien familiak izandako duintasuna nabarmendu zuen Joxean Agirrek, eta eskerrak eman zizkien, «erakutsitako eskuzabaltasunagatik».
Haiek guztiak eta beste hamaika modutako biktimen senitartekoak igoarazi zituen Agirrek ondoren. Agertoki bete jende zen. Txalo zaparrada bero-beroa jaso zuten guztiek, eta ikurrin dantza egin zieten. Ukabilak goian, Eusko gudariak abestuz eta Agirrek gogora ekarritako Lauaxetaren hitzekin amaitu zen ekitaldia: «Dena eman behar jako, maite den askatasunari. Emango dugu!»
Haritz adaxka lekuko
Belaunaldiz belaunaldi pasatuz joan den borrokarako jarrera irudikatzeko, haritz adaxka bat erabili dute ekitaldian, hainbat eratako familien biktimei emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu