Atxiloketak

Haritz Arginzoniz Soto del Realeko espetxean sartu dute

Alfonso Zenon bere konfidantzazko abokatuarekin deklaratu du Arginzonizek Auzitegi Nazionalean eta Garzon epailearen aurrean, deklaratzeari uko egin dio. Poliziaren eskuetan jasandako tratu txarrak salatu ditu.

2007ko uztailaren 14a
17:02
Entzun
Aritz Arginzoniz ETAko ustezko kidea espetxeratzeko agindua eman du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Soto del Realeko kartzelara eraman dute behin-behinekoz. Gaur goizean deklaratu du Arginzonizek Alfonso Zenon bere konfidantzazko abokatuarekin. Garzon epailearen aurrean, deklaratzeari uko egin dio.

Santanderreko autobus geltokian atxilotu zuten iragan asteartean eta orduz geroztik inkomunikazioaldian egon da Arginzoniz. Askatasunak jakitera eman duenez, poliziaren eskuetan jasandako tratu txarrak salatu ditu. Kolpeak jasan ditu barrabiletan, eskuan eta aurpegian. Bularrean ukabilkadak eman dizkiote eta mehatxatu egin dute familiarekin eta neska lagunarekin.

Askatasunak esan duenez, eskua zabalik jotzen zuten, markak ez uztearren eta zera esaten zioten: kolpe fisikoak pasako zitzaizkiola, baina kolpe psikologikoak ez zituela inoiz gaindituko. Halaber, mediku forenseak ezer begiratu ez ziola salatu du. Koldo Morras konfindantzazko medikuak aztertu du. Epailearen eskuetara iristen den txostena osatuko dute biek.

Talde armatuaren kide izatea eta armak eta lehergailuak edukitzea egotzi dio Garzonek. Epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez, pistola bat, tenporizadore bat eta dokumentazio ugari atzeman zizkioten asteartean atxilotu zuten unean.

Halaber, Garikoitz Azpiazu Txeroki, Eneko Zurrabeitia eta Saioa Sanchez atxilotzeko agindua eman du Garzon epaileak gaur plazaratutako erabakian.

Parisera eraman dituzte Anguleman atxilotutako ustezko ETAkideak

Bestalde, Iker Mendizabal eta Jon Garcia Parisera eraman dituzte gaur eta asteburuan deklaratuko dute epailearen aurrean. Anguleman (Frantzian) atxilotu zituzten asteazkenean ustezko ETAko bi kideak eta bi egun bertako polizia etxean eman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.