Auzitegiak

Harreman adostua izan zela esan dute akusatuek, baina ez dute zehaztu nola jakin zuten halakoa zela

Arratsaldeko saioan deklaratu duten akusatuetako batek aitortu egin du emakume salatzaileari telefonoa lapurtu ziola, akusazioko abokatuen esanetan. Gaineratu dutenez, akusatuen testigantzak gezurra direla frogatzen dute bideoek.

Bost akusatuak auzitegira iristen. VILLAR LOPEZ, EFE
2017ko azaroaren 22a
17:59
Entzun

Goizeko hamarretan hasi dira deklaratzen 2016ko sanferminetako talde bortxaketaz akusaturiko bostak. Haietako hiruk goizean deklaratu dute, eta beste bik arratsaldean. Agustin Martinez Becerra defentsa abokatuak azaldu duenez, akusatuek erantzun diete abokatuen eta akusazio partikularraren galderei, baina ez herri akusazioarenei. "Gure iritziz, ez da beharrezkoa Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren ordezkarien galderei erantzutea, haien asmoa lekukotza agertzea delako, are gehiago esanda, sasi-politikoa", kritikatu du.

Epaiketa beste bi egunez luzatzeko eskatu dute defentsako abokatuek, bildutako froga guztiak "xehetasunez" azaldu ahal izateko. Hala, ostegunean defentsako lekukoen testigantzak entzun ostean, astelehenera arte etengo da auzi saioa. Egun horretan, hilaren 27an, akusazioak bere argudioak aurkeztuko ditu, eta asteartean, berriz, defentsaren txanda izango da.

Akusatuek ukatu egin dute bortxaketa izan zela, eta argudiatu dute neskak "onartutakoak" izan zirela harremanak. Ordea, auzi medikuek argi esan dute emakumeak "trauma osteko estresa" zuela eta baita "erruduntasun sentimendua eta depresioa" ere, eta tratamentua jarri behar izan ziotela horiek kroniko bilaka ez zitezen.

Akusazioko abokatuetako batek goizeko saioaren ostean adierazi duenez, akusatuetako batek onartu egin du emakume salatzaileak ez ziela sexu harremanetarako hitzezko adostasunik agertu. Aldiz denfentsa abokatuak ukatu egin du halakorik. "Ez dakit nondik irten den hori; ez dator bat errealitatearekin", adierazi du. Akusatu guztiek defendatu dute sexu harremanak adostuak izan zirela, baina ez dute zehaztu nola jakin zuten emakumezkoak harremanekin ados zela.

Bestelakoa da akusazioko abokatuen iritzia. Haietako batek adierazi duenez, akusatuek grabatu zituzten bideoek erabat gezurtatzen dituzte ustezko bortxatzaileen testigantzak, eta agerian uzten dute emakumezkoa behartu egin zutela.

Bat datoz bideoak aztertu dituzten foruzainak, baita emakumea artatu zuten gizarte zerbitzuetako langileak ere. Bai batzuen eta bai besteen arabera, neska bortxatua izan zen. Gazteek euren telefonoekin jasotako irudiak ere ikusi ahal izan dituzte azken egunotan epaimahaiko kideek. Orotara, 96 segundoko iraupena duten zazpi bideo dira.

Elkarretaratzea auzitegiaren atarian

Astelehen Lilak plataformak deituta eta Nik sinesten zaitut lelopean, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute eguerdian Justizia Jauregiaren atarian. Gero, komunikatua irakurriko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.