Frantziako Polizia jarri da harremanetan taldearekin, baina ez diete eman galderen inguruko zehaztasunik. Hala ere, erantzutera joateko prestasuna agertu dute Harremanetarako Nazioarteko Taldekoek. Irteeran esan dutenez, Parisko poliziek galdekatu dituzte, Laurence Le Vert epailearen aginduz, eta egiaztatzaile taldekoekin nahastu dituzte. Eragile ugariren babesa jaso dute kanpoan; besteak beste, beraiekin izan dira Lokarriko eta Bake Bideako kideak, eta Silvian Alaux diputatua, Kotte Ezenarro, eta Xabi Larralde. Brian Currin du buru taldeak, eta Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski dira gainontzeko kideak.
Bihar Baionako Bake Forumean parte hartzekoak dira horietako batzuk, eta Foro Sozialak bake prozesua bultzatzeko aurkeztutako gomendioak izango dituzte hizpide nagusi. Currinek bera egingo du goizeko lehen hitzaldia, eta Casale eta Hazan ere jardungo dira ondoren gomendioen edukiaren inguruan. Arratsaldean mahai ingurua egingo dute, besteak beste, Kendallekin. Eragile ugari izango dira bertan, tartean Ipar Euskal Herriko sentsibilitate politiko guztiak.
Astebetean, pausoak eta oztopoak
Gomendio horien artean dago ETAren desegite eta desarmatzearen ingurukoa, eta prozesu hori modu "kontrolatu, ordenatu eta adostuan" egitea gomendatzen da, "erakunde erraztaile independenteen" laguntzaz. Prozesu horren lehen urratsa iragarri zuen Nazioarteko Egiaztatzaile Taldeak gaur zortzi, Bilbon, eta egiaztatzaileak Espainiako Auzitegi Nazionalera deitzea izan zen Fiskaltzaren erantzuna. Ondorioz, bertan behera geratu zen herenegun "bake prozesua bultzatzeko" Aieten egitekoa zen ekitaldia, baina eragileekin biltzera etorri zen hala ere Jonathan Powell, eta balorazio baikorrak jaso zituen.