"Ezin gara toki batera joan eta hangoei esan urteetan defendatu eta bultzatu dutena oker dagoela", dio Adriana Kaplanek (Buenos Aires, 1956). Antropologoa Euskal Herrian izan da egunotan, Emakundek gonbidatuta, eta hurrengo aste eta hilabeteetan bisita gehiago egingo ditu. Izan ere, nesken sexu organoen mutilazioaren aurkako borrokan urrats bat gehiago egin asmo dute, ablazioa saihesteko protokolo bat sortuz. "Lortuko bagenu Europako lehenak izango ginateke", dio ilusioz. Izan ere, datuak beldurgarriak dira: munduan 140 milioi emakumetik gora dira era bateko edo besteko ablazioa jasan dutenak, eta urtero hiru milioi neska gehiago daude arriskuan.
Nolatan erabaki zenuen ablazioan espezializatzea?
Hainbat urtez etorkinekin lanean aritu ostean, 1989an heldu nintzen lehen aldiz Gambiara, mutilazioa ikertzeko asmoz. Orduan uste nuen ablazioa herrixka galdu batzuetan egiten zen zerbait zela, gutxi batzuk sufritzen zutena. Baina oker nengoela ikusi nuen. Eguneroko arazoa zen hura milaka neskentzat. Hain zuzen ere, euren ama eta amonek defendatzen zuten eta sustrai sakonak zituen arazoa. Horregatik erabaki nuen nire indarrak hori amaitzeko erabiltzea, eta horretarako sortu genuen duela 1999. urtean WassuKafoGambia erakundea ere.
Zail egiten da ulertzea nolatan amak eta amonak diren halako ohitura baten defendatzaile sutsuenak.
Eurentzat osasun kontua da, ez bakarrik tradiziozokoa. Benetan sinesten dute euren iloba eta alabentzako onena egiten ari direla. Uste dute amaren klitoriak jaioberria ikutzen badu, haren eta amaren bizia arriskuan egon litekeela, edota moztu gabeko emakume batek hilekoa duenean jakiak onda ditzakeela. Beraz ez da tradizio huts kontua, euren seme-alaben onena nahi duten gurasoena ere bada. Pentsa, duela gutxi egin genuela inkesta ba, eta haren bidez jakin genuela Gambian, osasun alorreko langileen %48k uste dutela ablazioa onuragarria dela.
Baina horren aldeko diren emakumeek ere euren gorputzean sufritu dituzte mozketaren ondorioak.
Bai, baina ez dute gauza bat bestearekin lotzen. Pentsa, hainbat erakundek 30 urte baino gehiago daramatela ohitura honen aurka lanean, eta ozta-ozta lortu dute ezer. Hemen beste alor askotan bezala badaude diru laguntzen profesionalak direnak, are gehiago gaia ikusgarria denean. Horretaz gain, hainbat urtez GKEak tokietara joan eta biozar xaflak ematearen truke dirua banatzera mugatzen ziren, eta ondoren jaialdiak egiten zituzten eta argazkiak atera euren arrakasta goratzeko. Baina hemendik alde egiten zutenean, dena lehengora itzultzen zen. Ondorioz, NBEk orain arte esaten bazuen hainbat eskualdetan ablazioa desagertua zela, orain ohartzen hasi dira errealitatea bestelakoa dela.
Askotan mendebaldeko ikuspegiarekin joan izan gara tokietara, eta bertakoei esan diegu euren kultura okerra dela eta dakiten guztia gezurra. Baina era horretan lortzen duzun bakarra da herritarrak gutaz ez fidatzea. Halako tradizioak amaitzeko harreman estuak eraiki behar dituzu, konfiantza behar duzu, eta horren oinarrian errespetua dago, besteen kultura eta ohiturekiko errespetua.
Gu gure ikuspegia inposatzen saiatzen garen bitartean, neskak mutilatzen jarraituko dute. Adibide bat emango dizut, erakunde bat bada hango herrixketan lanean aritzen dena, ohartaraziz ablazioak hiesaz kutsatzeko arriskua handitzen duela, izan ere, askotan emaginek bizar xafla bakarra erabiltzen dute neska bat baino gehiago mozteko, gaitzak kutsatuz. Adinekoek kasu egin zioten oharrari, eta horren aurrean zer egin zuten? Bada, neska bakoitzari esan bizar xafla bana eramateko. Beldurgarria ezta? Horrexegatik da garrantzitsua jarraipena egitea, eta proiektu bat martxan jartzean bertan egotea, bertakoen zalantzak argitu eta egitasmoa bideratzeko.
Ezin da herri bat egun batetik bestera aldatu...
Ez, ezin da. Eta ezin duzu toki batera joan eta zure iritzia inposatu. Ez han eta ez hemen. Nik 20 urtetik gora egin ditut Gambian, eta nire seme-alabak ere hango herrixketako haurrekin hazi eta hezi dira. Guk ez diegu esaten haien ohiturak oker daudenik, ez gara haien kultura aldatzen saiatzen. Guk frogak aurkezten dizkiegu. Zientzia eta tradizioa ez direlako elkarren etsai.
Moztuak izan diren emakumeek osasun arazo larriak izan ohi dituzte, infekzioak, mina, gaixotasunak, eta abar. Guk arazo horiek ablazioarekin lotuta daudela erakusten diegu zientzian oinarritutako frogen bidez, eta ama eta amonak hortaz ohartzen direnean, uko egiten dioten euren alabei gauza bera egiteari. Behin emagin batek esan zidan guk euren jakituria handitzen lagundu diegula. Izugarri poztu nintzen hori entzuteaz. Han adinekoen hitzak garrantzia handia du, eta zuk ezin diozu amona bati kolpetik bota dakien guztiak ez duela ezertarako balio. Horrek min handia egiten du. Haren jakituria errespetatu behar duzu, eta aldi berean zurea berarekin partekatu. Hor dago gakoa, zuk dakizuna eta hark dakiena ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik. Harremanak errespetuz eraiki behar dira; hori da bide bakarra arazoa amaitzeko.
Zein da irtenbidea?
Ablazioa oso errotutako tradizioa da Afrikako hainbat herrialdetan. Gizonek badute euren baliokidea, erdainkuntza, eta emakumeek ere eurena nahi dute. Ohitura horrek hiru atal ditu: ablazioa bera; emakumeen jakintza partekatzea; eta emakumeen elkarte sekretuko kide bihurtzea. Guk ohiturari eustea proposatzen dugu, baina lehen atala kenduta. Alegia, emakumeei eskaintzen diegu euren tradizioei eusteko aukera, baina neskak moztu beharrik gabe. Proposamenak arrakasta izan du eta Gambiako Gobernuak berak sostengua eman digu. Duela gutxi Mauritaniak ere haiekin elkarlanean aritzea eskaini digu, batez ere ikusita gure proiektuak herritarren babesa jaso duela Gambian.
Prozesu honetan gizonek zein rol jokatzen dute?
Askotan aitak ez dira ohartzen euren alabei gertatzen zaienaz. Eurak mutilez arduratzen dira, eta amak alabez. Amek alabak mutilatzeko erabiltzen duten argudioetako bat izan ohi da gizonek neska garbiak nahi dituztela ezkontzeko, eta genitalak moztu ezean, ezkongai geratuko direla. Gizonak, ordea, mozketak emakumeei eragiten dien minaz ohartzen direnean, horren inguruko frogak aurkezten dizkiegunean, eurak ere ablazioaren kontra agertzen dira. Beraiek ere ez dute nahi euren ama, emazte, arreba, eta alabek halakorik sufritzea. Aldi berean, emakumeak ere gizonen jarreraz ohartzen direnean, iritziz aldatzen hasten dira.
Baina horretarako pausoz-pauso joan beharra dago. Informaziorik gabeko debekuak ez du ezertarako balio. Guk jakintzaren transmisiora aplikatutako ikerketa erabiltzen dugu horretarako. Lehenik eta behin ablazioaren inguruko sinesmen eta usteak ikertzen ditugu, eta ondoren aurkikuntzak egunero emakume horiekin lanean ari direnekin partekatzen ditugu.
Bestetik, osasun alorrean aritzen diren profesionalen ikuspegia aldatzeko akordioak ere hitzartu ditugu, besteak beste, Gambia, Mauritania eta Keniako unibertsitateekin. Gure helburua da hemendik aurrera gazte bakar bat ere ez ditzala ikasketak amaitu jakin gabe ablazioak osasun arazo larriak eragiten dituela. Finean, emakumeen gertukoenak izan ohi dira profesional horiek halako gaietaz ari garenean, eta halako tradizioak errotik aldatu behar dira.
Afrikan ez ezik, hemen ere hainbat proiektu dituzue martxan.
Bai. Duela gutxi hasi gara Emakunderekin eta Bilboko udalarekin elkarlanean. Ilusio handiarekin itzuli gara Kataluniara. Babes politikoa eskatuko dut Euskal Herrian (barrez). Denak oso gustora gaude topatu dugun giroarekin. Gure asmoa da lehenik eta behin ikustea zein den han bizi diren emakume afrikarren egoera, eta horretan oinarrituta osasun arloan ari direnak formatzea, alegia, protokolo bat ezartzea ablazioa egina duen edo egiteko arriskuan egon daitekeen norbaitekin topo egiten dutenerako. Hala, lehen mailako arreta zerbitzuetan jarraitu beharreko pausoak ezagutuko dituzte. Egitasmoak arrakasta izango balu, halako protokolo bat duen lehen eskualdea izango litzateke hau Europan. Gogoz eta ilusioz gaude lanean hasteko.
Lehena? Baina ez al dago oso antzeko proiektu bat martxan Katalunian?
Bai, baina huts egin du. Han ere bi fasetan lan egin beharko litzateke: lehenik prebentzioa, guk eskaintzen duguna, formakuntza eta informazioa emanez bai profesionalei eta baita familiei ere; eta bigarrenik, lege eta segurtasun arloa. Tamalez, hemen zuzenean bigarren urratsera egiten dute jauzi, eta ablazioa jasatzeko arriskua duen neskaren bat iristen denean lehen arretarako zerbitzura, mediku eta erizainek zuzenean mossoengana jotzen dute. Horiek paperak kentzen dizkiete neskei atzerrira eraman ez ditzaten, eta sei hilabetero mediku azterketak egitera derrigortzen dituzte, haien osasunaren izenean bi oinarrizko eskubide urratuz: mugitzeko eskubidea eta intimitatearena. Zer da lortzen dutena? Bada, guraso askok euren alabak jaioterrira bidaltzen dituztela eta han uzten amonen esku. Azken horiek zoriontsu dira haiek gertu dituztelako, eta bide batez, ablazioa egiten diete sinetsiz euren hobebeharrez dela, eta noski, lehen hilekoa edukitzen dutenean ezkondu egiten dituzte, ohiturei eutsiz, eta haiek aldatzea zailago bihurtuz. Katalunian arazo larria bilakatu da hau, eta horren oinarrian dago inmigrazioarekiko mesfidantza, eta ikus ezintasuna.
Etorkinekin dugun jarrera ere arazoaren zati bat da?
Bai, oinarri-oinarrian dago. Ni hona iritsi nintzenetik okerrera egin du gizarteak etorkinekiko duen jarrerak. Iruditzen zaigu afrikarrak, herrialde txiroetatik datozelako eta musulmanak direlako, ezjakinak eta fanatikoak direla. Entzungor egiten diegu haien kulturari, eta ez dugu haiek ulertzeko ahalegin txikienik ere egiten. Duela hilabete batzuk, ablazioa amaitzeko ahaleginean, Bartzelonako buruzagi erlijioso batekin harremanetan jarri ginen. Hura prest zegoen jardunaldi batzuetan parte hartu eta beste buruzagi batzuei azaltzeko ablazioak ez zuela zerikusirik erlijioarekin, Islamean ez zela halakorik aipatzen. Baina proiektua Generalitatera eraman genuenean, atzera bota zuten. Aldiz, Afrikan laguntza handia eskaini digute gure borrokan. Mauritaniako hainbat buruzagik fatua edo lege erlijioso bat onartu zuten mutilazioen kontra.
Maiz uste dugu ezjakinak eta basatiak direlako defendatzen dituztela halako ohiturak. Baina hori ez da hala, inondik inora ere. Guk ere historian zehar izan ditugu emakumeen eskubideak urratzen dituzten ohiturak, egiten duten kalteaz ohartu eta aldatu ditugun arte. Eurak ere guraso dira beste ezeren aurretik, eta frogatzen diegunean genitalen mozketak sufrimentua eragiten diela euren alabei, berehala aldatzen dute jarrera. Horregatik da garrantzitsua lehen mailako arretan aritzen diren profesionalak heztea, eurak baitira emakumeen gertukoenak, eurengan konfidantza dutelako ama eta amonek, eta azken horiek direlako ablazioa amaituko dutenak.
Posible ikusten duzu halakorik epe laburrean?
Denbora beharko dugu. Izan ere, aurreko urteetan abian jarritako dozenaka proiektuk porrot egin dute beharrezko jarraipenik izan ez dutelako. Mendebaldeko ikuspegia ezartzen ahalegintzea alferrekoa da. Ohiturak aldatu behar ditugu, baina bertakoen jakituria eta ikuspegia errespetatuz, eta horrek denbora baina batez ere formazioa eskatzen du.