Euskal herria

Harremanetarako Nazioarteko Taldea Londresen bildu zen larunbatean

Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaz aritu ziren, eta indarkeria errefusatzen duen alderdi orok demokrazian parte hartzeko eskubidea duela iritzi diote.

2011ko apirilaren 4a
17:59
Entzun

Harremanetarako Nazioarteko Taldea larunbatean bildu zen, Londresen. Orain arte egin dute bigarren bilera da, eta, besteak beste, Espainiako Auzitegi Gorenak Sorturen aurka hartutako erabakia izan zuten hizpide. Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideen arabera, indarkeria errefusatzen duen alderdi orok du demokrazian parte hartzeko eskubidea. ETAren su-etenaren ondoren sortu zen aipatutako taldea, Brian Currin abokatuak sustatuta. Silvia Casalek, Pierre Hazanek, Raymond Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute boskotea.

ETAren su-etenaren inguruan BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez, estortsioa amaitu den egiaztatzeko modua garatzen ari dira taldeko kideak. Gainera, beste arlo batzuetan su-etena egiaztatzeko mekanismoak ere aztergai dituzte. ETAk apirilaren 3an jakinarazi zuen prest dagoela bere su-etena "egiaztatzeko mekanismo informal bat onartzeko"; hori "egingarria" dela "eta nazioarteko egiaztatze batzordea sortu" ahal dela azaldu zuen. Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek onartu dute su-etena egiaztatzea oso "garrantzitsua" baina oso "konplexua" aldi berean. 

Azkenik, Londresko bileran erabaki zutenaren arabera, alderdi guztiei aholkua emango diete indarkeriaren biktimen sufrimendu guztia onartzeko. Aurreko astean jakin zenez, gainera, taldeak gutun bat bidali die alderdi politikoei eta erakundeei, Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa bultzatzeko egin nahi duen lanaren berri emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.